Erraondoko azken danbolinteroa

Si quieres leer esta narración en español, haz clic aquí.

Arturo Campion-en ipuia, Ibar-ek euskeraz itzulia

I

Urre gorrizko dirdira dariola daukate oraintxe egunsentiko argi-printzak’ Ameriketatik iristea egin dun itsas-ontzi illuna (1). Eta maiatz-eguzki goiztarrari ongi-etorrika diardue ingurumariko txorikumeak lore ernaberriakin batera, zein baiño zeiñago.
Txoriak eta baztarrak poz, are pozago du sumatzen biotza Pedro-Fermin Izko-k, ontzia portuan utzi ta San Nikolas-ko atetik barrena bideak gora abiatzerakoan.
Jendezantzurik ozta ozta, goiz-garbi oetan; eta or dijoa, bidean topatzen duten banakai burua itzul-erazten diela, aldamenetik pasa ondoan. Ez da arritzeko ere: arrotz-itxura tiabarmena ematen baitiote soiñeko arroparen joskera-koloreak, gure alderdiotako nekazarien txapel-abarketak daramatzin arren. Bertako seme egingo zenduke arpegiz; baiña jazkera-moldeak berak dizu naiko garbi adierazten urrutietatik datorren larregizonen bat dala, zein baita ene. Lepotik beera berriz txistu-danboliñak zintzilik…: zer bear zuan besterik edozein bidaztiren begiak bereganatzeko?
— Orixe agure umorekoa! —egiñez jarraitzen zaizka gero bideari parr-antzean.
Egia esan, ez da txantxetan bakarrik agure Pedro-Fermin, gordin askoa badago ere bere zaarrean. Arpegiko larmintz soilla zimel, buruko ille-izpiak urdin, ortz-oeak utsik eta ezpaiñaldea barrura bildua… ezagun du zerbait ikusia dana munduan. Ala ta guziz ere ordea, tente jasotzen ditu oraindik sorbalda-gaiñak; arin dauzka aztalak, belaunak gozo ta auspoak samur; ez du lausorik agiri bere begi kixkur urdin-argietan, ezta zalaparta geiegirik ere biotz-pilpiran. Euritakoa eskubiko eskuan eta makillaren puntatik pardela bizkarrean ditula orren bizkor ikusirik, etziñizkake errez asmatuko urteak.
Zenbat ote ditun?… «Iruetan ogei ta amarretik aitziña, nolanai den…» esanez asiko litzaiguke kontua ateratzen, bere napar-euskeraz; ez paitu egundaiño beste mintzairarik, esateko lain, ikasi. Irurogei ta amarreko orri gaiñean beste zenbat erantsi bearko litzaizkan, ezingo luke erantzun itzetik ortzera gizagajoak, apur bat pentsatzen egon gabe. Eta pentsatzen egonik ere, naiko lanekin.
Larogei osatu gabeak dituna ba daki beintzat. Ain zuzen, aurtengoarekin datoz berrogei ta amar, Ameriketara jo zula, aita Matxin bere napar-ibarreko tuntunero zaarrari lur emanda laster; noski, Carlos-quinto-ren ez Maria Cristinaren mutil ikusi nai ezik bere burua.
Berrogei ta amar urte aundi erritik kanpo! Ez biziro epe laburra gizonaren egun laburren alderako; baiña udako tximista eta mirotzaren furruxtada bezin arin adiñak beti guziko berekin eramana…
Ba dituzu Buenos-Aires-etan larru-ontzaille ta arrai-gazitzaille otsaundiko batzuk, «Araluze y Compañia» izenez ezagutzen diranak, aberats-jende purrukatua. Los Papagayos deritzaion sarobe edo lantegi galanta baitute jaun oek Pampa aldeko zabaldietan; sarobe ortantxe egon dezu berrogei ta amar urtez artzai, Pedro-Fermin Izko.
Eskola aundirik eraman ez bazun bere basarri-zulotik, argi berrioz burua janzteko erarik ez du izan gerozkoan; eta biotzak ere ez dio bide ma kurrik artzen ikasi. Azi ta bizi, artzantzako bizimodu paketsuan eraman dizu bere denbora guzia; beiñolako kaldea-torrak Testamentu Zaarreko aldi goxoetan riola? alatsu.
Euskaldunak izan ditu lantegiko lagun, mugaz bi aldeetatik lan-eske ara bildutako jende jatorrak. Jaiotzez ez ezik berezko griñaz ene men ditar izanik, bizimaiña ateratzeko zeribait eldu bear, eta kale-lanetarako barrenak laguntzen ez landa zabalerako bidea artzen zuten geienak. Eta alabearrarekin batean jatorrizko senak elkar billa-erazirik, antxe bizi oi ziran gero, bakoitza bere alde, beren sort-errietako oitura zaarrak berrituz.
Nekazaritzan gizonezkoak bezela, sarobe-ko esne-arazoetan emakumezkoak jarduten ziran ugari. Eta elkarrekin uztartutako senar-emazte berriak guzizko egoki moldatzen zituten beren etxe-bizitzak, sort-erriko legeak agintzen dunez aek ere: bata bestearen urbillean bai, baiña berez bere, ta etxekoz etxeko.
Don Jose bizardo, Goizueta-ko semea, zuten langille-buruzagi; eta don Fulgencio apaiz bermeotarra elizako kapillau. (Guzia esan bear bada, bere aspaldi bateko joan-etorri badaezpadakoez zintzoro damuturik, anima salbatzearren zoko artara bildua, gizagajoa.) Aundi ta txiki, guziak ziran euskaldun, barruti aetako maizterrak; eta euskaldun uts, ango oitura-jolas izkuntzak ere. —Basoko loritoak berak euskeraz ari oi ziran elkarrekin erasian—. ¡Zori oneko euskal-erri ñimiño, kutsatu gabea! Ez gure emengo au bezela, erdal-politikak bere erra zitalez jo, ta ondatzen ari diguna!
Alakoxe ederki bizi da Pedro-Fermin aurreko berrogei ta amar urte ontan osasuna ta pakearekin, ez buru-auste alperrik, ez barrengo arra ren zimikorik, ez iñoren edo ezeren ondamu gaiztorik. Bere lur zaarraren ordez, Argentina-ko lur berriari itsatsi zion erro-errotik biotza; eta ara zan ezkeroz etzuan izan ez sort-erriaren, ez ango aaide-adiskideen miñik gogoan. Nundik nora zebillen iragarriz idatzi zien noizbaiteko batean etxekoai; erantzun ere bai aek, andik puska batera, arreba bakarraren ilberria emanez; eta albiste onetxek oar-erazi zion bat-batetan, urez beste aldeko gauzakin etzula geiago ikuskizunik.
Mutil ernaia berez, alde batetik, eta arreta aundiko langille saiatua bestetik, saletxe nagusiko buru jarri zuten denboraz, poliki irabazten zuala; eta egunean-egunean egindako soldata-diruak la osorik gordetzen etzuan neke gogorrik izan. Eremu bakar agitan, jokalari ez izanik, zertan dirua alperrik txautu kristauak?
Gaingiroak ordea etzion dan gutxienik burua, arrotu; eta bere bordatik etorri-berritan bezelaxe, artzai-mutil motz zaneko artan bezin gogotsu jardun zuan gero ere auzokoai tuntun jotzen. Ez txanpon-zurrean, leenbizi berrian oi zunez; gazte jendeari atsegin ematearren baizik; eta guziz gain, joaren joaz txistuari berari artu zion griña biziagatik. ¡Hura soiñua aterazi oi zioten txilibitu garratz ari artzai-aundiaren ezpain legunak! Etzan ari eragingo zion erretxiñolik basoan!
Euskaldun barririk lantegira agertzen zaneko, etzuan onik izaten Pedro-Fermiñek, etorberriari bere alderdietako doiñu ta dantza bereziak kanta-erazi artean. Orrela bilduz bilduz, zenbait urteren buruan, euskal-erririk geienetako kanta zaarrak, aintzakotzat artu gabez mendirik mendi, ibarrik ibar galtzen dijoazkigun kanta zaar atzenduak, gogan arturik zeuzkan.
Gogoan arturik ez-eze, baita biotzaren barru-barruraiño sarturik ere. Maiteak maiteari, seaskako aurrak amari, itsasgizonak legorreko emazte kezkatiari, mendiko garo-biltzailleak eta larraiñeko dantza-lagunak elkarri eragiñikako kanta samur aek, ez-artan ez-artan, biotz osoa menderatu zioten Pedro-Fermiñi, eten-eziñezgo sare leun batean bezela bilduz.
Alakorik batez beiñik-bein, bere erri koxkorra ta jaibot-etxea ta famili-kandarrak ikusteko kutizia egin zitzaion ez bat eta ez bi. Sekula beiñere ez ta, erri-miña biotzean! Zer zan hura?… Doiñu maite aek berekin zuten euskal-arnas beroa ari zitzaion nunbait aurzaroko oroitzapen erdi-illak berriz pizten gogoan…
Burutaldi zororen bat besterik etzalako ustean, etzion jarerik eman leenbizi. Indar artzen zijoakiola igarririk, gogor egin nai izan zion urrena bere buruari; eta apeta gogaikarri ari zaiñak ebakitzen egiñ-aaala egin zituan. Baiña guzia alperrik. Etsi-etsi eginda, don Jose bizardo-rengana joan bear izan zuan geroenean, diru-kontuak erabat garbitu egin nai zituzkela esanez.
Asmoa burutik, kentzen leiatu zitzaion don Jose:
— «Zer aterramentu atera bear dezu gizagajo orrek, iñork ezagutzen ere etzaitun sasi-zulo artan? Onezkero ez dezu ia nik baiño senitarteko geiagorik izango. Illoba zarpaillen batzuk bilduko zaizkitzu dañez ere, diru-zantzura, ezurretaraiñoko guzia zupatu naiean. Eta an egongo dituzu, eztulak edo esteko miñak noiz eramango zaitun irrikitzen, esan oi dan bezela, «illa lurpera ta biziak asera» osaba indianoaren diru-pixarren jabe leenbaileen gelditzeko… Gaiñera, zuk al dakizu zer nolako ustua artu bear dun zure sakel koxkorrak, Europa-ko diruaz trukatzean?… Ez bekokirik zimurtu, koxkorra esan dedalako; Erraondo-ko malkarretan bai, an berealaxe egingo zaitue jaun aundi…
«Gizona, naiko lan eginda aspertzen asi al zera?… Ze arraio! ta lanak ez al du on atsedena? Tira, etxe polit bat egingo dizugu bereontan, sarobe inguruan; eta denok elkarrekin biziko gera anaitasun ederrean, orain arte bezela zuk soiñua jo ta gazteak dantzatu.

(1) «El sombrío cuerpo de Tetrikápolis Alemánika.» Iñondiko alegiñakatik ezin izan det garbitasunik atera zer adierazi nai ote dun emen Campion-ek. Zirt edo zart nolabait egin bear, ipuia euskeraz itzuliko bazan; eta Tetrikápolis dalako ori Pedro-Fermin Ameriketatik Europara ekarri zun ontziaren izen egin det, zuzen ala makur. Nor edo nork beste iritzi itxurazkoagorik azaltzen balu, pozik osatuko nuke noski, gaur ezin-bestean egindako utsa. (Itzultzaillearen oarra.)

«Kalera naiago dezula?… Ortaz ere, ez daukazu aukera makala Argentinan bertan, iñora gabe; Jainkoak zu kale-kume ez baiño mendi-gizon egin zinduzena, ustez ondo dakigun arren…
— «Zer kale ta kale-ondo! —egin zuan bizi-bizi au aditzean artzai zaarrak—. Bego kalea kaletarrentzat; nik basarritarra bear det, baiña basarri nerera, iaio bezela ill ere bereartantxe egiteko, ordua etortzean».
Erabakia artua zeukan, eta buruz-belarri egiten zien esandako guziai; etzegoan onezkero asmo hura gizonaren burutik kentzerik.
Zorrak kitatu ziran beraz. «Araluze y Cia.» dalakoaren kontu utzi zituan artzekoak irabazian. Iruñe-ko Olaso-renean ordaiñak jasotzeko agiria eman zitzaion. Eta ainbeste urtez «Los Papagayos» etako auzo-lagunen jostaillu ta atsegingarri izandako txistu-danboliñak berekin zitula, itsasora bidea artu zuan gure aguretxoak.
—«Danbor orretxen larru-tartean ziak Pedro-Fermiñ zarraren anima…». Ala zion parrez-parrez don Jose bizardok azken-agurretakoan. Eta gaiñeko guziek ao batez on-iritzi zioten buruzagiaren ateraldi politari.

II

Bideak gora abiatu dan-ezkeroztik ez ditu begiz utzi Pedro-Fermiñek Itzaga ta Elo-mendi, bere jaiot-ibarreko mugarri ezagunak. Eta orain ere aurrean dakusaz biak zut-zut, gaurko eguzki garbiak jota, erpinak urrez, barrenak urdin.
Esturasun gabe, arnasean dijoa, orduz-leen iritxi nai ezik. Bezperak bukatu ta dantzako garaian nai luke egin Erraondo-ko plazan sarrera, bere danbolin-soiñurik bikaiñenak joaz, zaarrakin berriak naaste. Ala dauka asmo-arturik aldeaurrez.
Oroitu utsaz, leertzeko zorian dabilkio biotza, bere erriko seme-alabentzat prestatu dun esku-erakutsi goxo orrekin gogozko ametsetan. ¡Gaur arratsaldean Erraondo-k ikusi bear dun jai zoragarria!
Eguzki-galdatan bar-bar egongo da plaza; bertako intxaurrondo gerri-zabalen itzalpean jarrita, erriko aitona xaarrak, alkatea erdian dutela. Eta, alor gorrien gainetik larratxori jostailluak oi diran gisa, tuntun-soiñuaren artetik txistu-ots alaiak noiz jeikiko diran zai, sail banatan neska-mutill gazteak, dantzan asteko bero.
Orduntxe azalduko du bere burua plazaren erdian, jendearen begi-beatzak bereganontz luzarazirik ikusmiran… «Jaunak! —deadar egingo die— Mandazaiñeneko Pedro-Fermin nazue ni!… Eta orrenbestez, Ingurukoa jotzen asiko zaie bertatik, berak dakin letz…! Hura izango da ikustekoa, urtean beingo soiñu maiteak dardaraz jarr-erazirik pozaren pozez jauzika urbilduko zaionean erriko gazteria, guzion artean karrika-dantza atera nai dutela, antziñako legera!…
Errege-bideko autsarengatik, baztarreko zuaiztian zear dijoala, iturri txiki bat arkitu du bide-erditan, puska-legorretik janez atseden egiteko toki egokia. Eta bideari berriz jarraitzerakoan, zurrutada bat ur presko edan du, «Erraondo-ko ta mundu zabaleko euskaldun guziai abeak on diela!» egiñez.

* * *

Aldapa gorako nekeak erasanda, arnasa estutzen asia zuan Mendinueta-ko gaiña arrapatzerako; eta antxe tenk egin bear izan du aspoak lasa bitartean, inguruko baztarrai ikusi bat emanez. ¡An du beiñ-edo-beiñ asaba zaarrer kabi goxoa! Ara: ibar-sakonean erdi gorderik ordeka-zelaia; zelaiaren inguru, amaika erri-koxkorrak elkarren gainka, eta guzien erdian nagusi, Bizkaieta-ko muñatz-magalean, bere Erraondo, Itzaga-erreka aldean dula.
An dauzka, iñondik ere, aurrez-aurre, aspaldiko leku jakiñak… Baiña begiak ondo zorroztu ta igortzi arren ezin ditu ezagutu uste beziñ errez. Aitz-mutur soillak, ur tantarik gabeko erreten-zuloak; iparbeltzak okertutako makal meaxtak or emen; egaztirik, ez belar ezerik batere agiri ez duten lurralde itsusiak; eta lubiziek jandako mendixka bizkar-gorriak muga-une guzian… Ametsetan ari dan, burua naastu zaion, zentzua galdu dun, Pedro-Fermiñek ez daki zer pentsatu; baiña baztar oek ez dute berak gogoan zeuzkan aen antz aundirik…
— «Non dira nere arizti ta pagadi ederrak? Zer egin zuten nere belardi usai-gozodunak? Zeiñek agortu dizkit nere errekatxoak? Nongo eiztari gaiztok uxatu ditu emendik nere aldi bateko xoxo, eskioso ta karrastarro maiteak?… Non-ta bidea utsegiñik koko-errikoa artu ez dedan, okerrekoz»… (1)
Berriz ta berriz igortzi betazalak, berriz ta berriz aztertu banaan-banaan inguru-alde guziak… Geroago ta garbiago dakus, bideetan zuzen ibilli dana.
Ameriketara aldegin-ezkerozko bi gerrateak gogora zaizka bat-batetan, eta arekin askatu du bere buruko matasa!
— Zorrak ateratzearren nonbait larrutu zetuztekan basoak; eta aritz-pagoakin batera an joan dituk betiko nere belardi ta erreka ta txori gaixoak ere…!»
Eta bere euskal-gogo suminduari ateak zabal-zabal utzirik, ordu gaiztoan madarikatzen ditu karlista-gerra erdalkoiak…
Eldu da plazara. An ez da iñor agiri: zakurrak autsetan zilipurdika, eta iñoizko intxaur-arbola lodien tokian iru epaitondo motz: orra guzia.
Emakumezko bat ikusi du andik geroxeago, ertz batetik bestera pasatzen. Gaztea, nolabait ere, ibilleraren tajuz; baiña ez jazkerak ezagun diolako. Beltza soiñekoa, beltza buruko zapi okozpean korapillatua, luze-estuak gonak. ¡Bestelakoxe egoki ematen zuten, aren aldean, beraren gazte-denborako neskamotzak, beren buru-zapi nabar, txirikorda luze, ehun zuri-garbizko mauka zabal, gorontz urdiñarre, bular-mokanes kolorezko, ta belaun-buruetaraiñoko gona gorriakin!
Kanpan-torreko erlejuari begiratu, ta…! bezperatako ordua jo-zaarra! Onezkero eliza ustua beraz jendea, eta ala ere, plazan iñoren zantzurik ez!…
Naigabeak artzen asi dio biotza gizagajoari, baiña ezin etsi joandan aspaldiko eresi gozoari buru eman gabe: artzen du ezpaiñetan-txilibitua, eta danborrarekin puntuak zeatz neurtuz, Ingurukoa-ri ekiten dio bizkorki, errikoetxe ondoan aruntz-onuntz abiaturik, eliz-jiretako pauso geldian.
Leentxeago lo betean zegoana, bat-batez esnatu dala esan liteke Erraondo-ko plaza. Arpegi begi-luzez bete dira ate-leioak egundoko lasterren. Auzoko atsoak soiñuaren berri galdetzen arriturik elkarri: onek sorbaldai eragin, arek algara, emendik iseka ta andik txistu…
Etxe-atari ta karrika-buru bakoitzetik zalaparta bizian etorrita, erriko ume zirtzil guziak aurki inguratzen dute beren chunchuneroa; eta an dagozkio multzoan, dena-begi ta ao-zabal, beste munduko pixtiren bat balute bezela.
Umeen atzetik neska-mutil aziagoak ere samaldan bildu ditu danbolin-soiñuak; eta guzien artean esiturik daukate jotzaillea, zirkiñik egin ez dezakela, ez atzera ta ez aurreaa.
Asko uste etzun zerbaitez jabetu da bein-bitartean Pedro Fermin: ¡erderaz ari ditu inguruko jende guzi aek! Eta zer nolako erderaz ere! Berak Ameriketan entzun izandako gaztelani eme, soiñu-leun eta maitetsuaren aldean, zer da beste izkera zakar, trakets, latz eta motz au? Naigabeak gaiñez eragin bear oraingoan danbolintero zaarraren biotz eroriari: —«Au dek beraz nere erria?… Malkoz beterik ito bearrean dauzka bi begiak, eta txilibituari ere negar-soinua dario. Azkenerako, bere alaitasun guzia illundua zuan Pedro-Fermiñen Ingurukoak, irudipen argitsuenak goibeldu oi diran gisa egi beltzaren aurrean. Geiago ezin jasanik, iru edo lau karraxi gordin aterazi bere txistuari, eta beingoan mututu da danbolintero tristea.
¡Ango oju-arrantzak eta iskanbilla, danboliña isiltzearekin batean!… Eta aiton miñerituaren lotsa apurrik gabe, non erasotzen dion morrosko belzkote batek, aotik sudurrera, maixeoz:
— «La borrachera, o qué t’ha dau por chiflar, agüelo?»
Zerbait esan nai, barrua askatutzeko bederen, eta bere garbitasunak ematen asten zaio Pedro-Fermin, euskeraz alegia. Baiña bai azkar ere mutillak aotik itza kendu, iparr-aldeko mendiak beraz-muturrarekin erakutsiz:
— Nosotros no semos montañeses, ¡rejones! Guárdate tu vascuenz pa los d’arriba»
— «Pues qué sois, pues? —berak orduan su ta gar irazeki ta, anima ortzetan dula— gauchos, negros, o? Yo aqui nasiro; aquí, montañés de baskuenze, montañés de montaña. Me vengo de América; mi primer pensamiento, vosotros por hacer bailar, tamboril ha tocaro… »
— «De veras, agüelo —besteak— eres de Rahondo? ¡A mi nadie me mete la patada! De Rahondo, y bailar de esa traza? Con el chulubit de los capadores? Cenón, trai adaquí la vigüela! Aura verá el agüelico nuestro baile. Si de veras es del pueblo, y endemás americano, hay que obsequiale. ¡Hala, hala! ¡Venidsus adaquí, saladas; tú, Lorenza, Leocadia, Rosa,… toas! ¡Leña, güena jota, arre!…
Cenón dalakoaren eskutik kitarra artu, eta bere atzapar aundiakin arramaskatuz eta astinduz, onako koplatzar au ateratzen du marruka, eztarria urratzeko zorian, neska-mutillak dantzan jarr-eraziz arin ta bizkor:

¡Ay, qué burro soy, qué burro soy,
Se me frie el almaa!
¡Ay qué burro soy, qué burro soy,
Abrime la cuadraa!
¡Ay, qué burro soy, qué burro soy,
Del suelo la pajaa!
¡Ay qué burro soy, qué burro soy,
Será nuestra camaa!

Ankaen gaiñean zutik egoteko kemenik ezta, bizkarra paretari etzinda, egon da Pedro-Fermin gizagajoa, dantzariak arrotzen zuten auts artetik ikusten festa zaratatsu hura, besoak goitik beera zintzilik, begiak laiño, biotza laiñoago… «¡Ai nere gaztetango jai-arratsalde gogoangarriak!»
Gorputzez eta begitartez ez beste gaiñerantzean, azpikoz gora aldatu zaio arrezkeroz bere erriko jendea. Gizalege ta mintza-soiñu, ibilkera ta keiñu, izkuntza ta jazkera… ezertan ez du geiago Erraondok ordukoaren antz izpirik.
Bera, leen zan baiño ere euskaldunago itzuli aiñ urrutitik, berrogei ta amar urteren buruan…; eta bere erriak euskaltasun guzia azken apurreraiño galdu bein-bitartean!
Zer dala ta? nolatan? Leen bezin garbi dauka bada jatorrizko odola, iñondik ere? Kanpoko jende arrotzak ezta, zerk kutsatu dio beraz ortaraiño bere Erraondo? Orra Pedro-Fermiñen argi laburrak asmatzen ez dakina.
Bukatu da dantza. Moldakaitz bezin biotz-zabaleko mutil aek, ardo-txurrut bat elkarrekin artzeko aitzakitan arratsaldeko on bat atera diote erriko ardandegian; eta aen borondate onari amorr-eman bear izan dio gogoaz-kontra bederen. Itzak itz-bidea emanik, zear-galdera batzuen bitartez, mutil aetxen aotik ikasi du azkenean, jakiteko bildur zana: Izko-tarren etxean ez ornen du bere odolekorik iñor, nekazari atze batekin ezkondutako illoba-txiki bat baizik…
Arten ba-ote, ez-ote, zalantzan eduki baldin badu gogoa, berri au eman dioten-ezkeroz ez dauka luzaro egon bearrik, zer buruzpide artu erabakitzeko: Amerikatara joko du atzera ber-bertatik, eta bere sarobeko euskaldunen artean itxedongo dio pake onean azken-orduari.
……………………………………………………………….
Zerk uste dezu geientk arritu ditula Erraondo-ko mutillak, beren agüelico-ri jalkitako ipui guzien artean?… Izko-tarreneko edo —errian esaten dan bezela— Mandazaiñeneko etxeak, izengoitia euskerazkoa omen zulako berriak!…. Aditzera ba omen zuten, bai, erriko agure xaarrik xaarrenak beren moduko izkera-mordollo bat lardaskatu izan zutela gaztetan… Baiña, nori buruak eman bear, alajaiña, egunero aotan zerabilten itz ezagun hura euskerazkoa izan zitekenik?…

III

Gazte-zanko ariñak zituan Pedro-Fermiñek goizean goiz, aldapa gora asi zanean; baiña naiko lan du arratsalde apalean bere anka zaarrak jasotzen. Burua ere, leen aiñ lerden zekarrena, makur-askorik darama orain, arestiko amets alaien ordez arantza ta atsekabea ditula kolkoan.
Igo du noizerebait Mendinueta-ko gaillurra. Maldako nekeak, ala biotzeko miñak ote dio gizagajoari estuagotzen arnasa, oraingo ontan?
Mendi-muturrean aritz-ondo maxkal bat, bera bakarra eta zaarrez doi-doi bizi dana. Besanga igarren artetik orratio, kimu gazte bat agiri du, il nai ezak bezela ernarazia. Begi-biotzak samurturik, bere ari izketan asten zaio aiton errukarria
— Or ago i ere, gaixo ori, amaika gora-beera ikusirik here denboran! Neri neroni bezela, iri ere etzain utzi inguruan errauts-lur elkorra baizik. Ireak egin diñ aurki, nik ere urruti gabean izango diñat onezkero nere azkena. Eta bi biok iltzean, ez den geiago geldituko emengo edertasun galduen oroi-miñik, i ta ni bezelako beste zaar biren gogoan. ¡Oi zorigaitz guzien gaiñeko zorigaitza! Ezta oroi-miñik ere!…
Bidean beera jarraitzeko garaia du ta beste asperraldi bat eman nai die begiai, azpiko aldean daukan jaiot-ibarra betikoz utzi baiko leen.
Itzaga ta Elo-mendi, illunabarreko izar goiztarren ñirñirrak artzen asiak dira dagoneko, beren laiñozko txano-gaiñetan. Iparr-aldeko mendi-saillak ere izara beltzetan bill-bil egitera dijoaz beren buruak. Eta Erribera-ko zeru-sapai gardena tarterik tarte izkutatzen ari dute Orba-mendiren gandor urdiñak ego-alderuntz.
Aritz xaarrarekin berrizkatzen du jarduna Pedro Fermiñek:
— Festa ederrik egin izan diñe gaixo orri, alderdiotako basa-txoriak, osto mardulez jantzirik altxatzen uanean burua. Berriz ere izango aal den oraindio bat edo bat, kimu eze orren babesera etorrita, adaska soill oraen artetik leen bezela goxatuko auna kantari!
Askoz beltzagoa den, irea baiño, orrako lur elkor orren patua; bere jatortasun gauza galtzen utzi, ta sekula geiago kimu berririk sortzeko gauza izango ez dan orrena!
Nerau izango naun, alare lur ukatu orri azken agurrak joko dizkan txoria!
Esan ta egin. Aritzaren ondoko zaiñetan eserita, txistu-danboliñak arturik, asten da bat-banaka jotzen berak dakizkin euskal-doiñurik kutunenak, iñoiz ez bezin zoragarriro… Beste iñoiz ez baitzien doiñu aiei ain barrendik mamia atera gaurdaiño. Gero, biotz-miñak eta negar-zotiñak eragotzirik etsi bear izan dunean, aal dun bezela lurretik jeiki, eta an dijoa mendian beera, danbor biribil aren barruan daramalarik, ez bakarrik bere anima —don Jose bizardok esango zukenez— baiña baita Rahondo-ren eta Rahondo-inguru guziaren anima ere, berearekin batean

(*) Ikus asiera: Euzko-Gogoa» n, 1952’gko 9-10’gn, z.
(1) Koko itza alde askotara artzen da euskeraz. Geienean, mamua, inguma, bidutzia edo mozorroa esan nai du batzuentzat; beste batzuentzat kaikua, astaputza, iñozoa. Ala erakutsiko dizu edozein Iztegik. Napar euskaldunen artean, nork berea ez dun ibarreko kristauari esaten dio koko: baztandorrak ultzamarrari, ultzamarrak Juslapeña-koari eta orrela. Orain ez dakit, baiña leen beintzat, Tolosa-ko perian Araitz eta Larraun ingurutik zetozen emakumezkoak deitzen omen zituzten izen orrekin, dakinak esan didanez. Larraun-darrentzat, berriz Irurtzun-go alderdia da koko-erri. Ikusten dezunez, iñork ez nai izengoiti ori beretzat iaso; baiño batentzat edo besterentzat, guziak koko izaki. (Campion-en oarra),

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: