Errepublika egiazko sistema faxista bat izan zen

¡Si quieres leer este artículo en español, aprieta aquí!

Aurreko apirilaren hamalauan, Bigarren Errepublika Espainiarraren urtemuga ospatu zen. Deigarria bada ere, kolore guztietako alderdiek bazuten zer ospaturik egun horretan: komunistak, sozialistak, liberalek, independentistek, etab. Oraindik gogoan daukagu Zapaterok elkarrizketa batean bota zuen esaldi xelebrea: “errege oso errepublikazalea daukagu”. Bere garaian Aznar presidenteari ere entzun izan genion Manuel Azaña Errepublikako presidentearen mireslea zela. Guztien laudorioak merezi omen ditu 1931tik 1936ra iraun zuen erregimen horrek. Demokrazia eta askatasunaren paradisua izan omen zen hura.

Batzuek Espainiako lehenbiziko demokrazia deitu izan dutenaren inguruan egin ohi diren interpretazioak garai hartako lekuko baten testigantzarekin erkatu nahiko nituzke. Manuel Irujo Ollo (1891-1981) politikari abertzalearen testigantzarekin, alegia. Lizarrako politikari hau PNVko kidea zen eta Bigarren Errepublika Espainiarrean Justizia Ministroa izatea egokitu zitzaion. 1937ko urtarrilaren 7an Elizaren egoerari buruzko “memorandum” bat aurkeztu zuen Ministroen Kontseiluan. Honetan, Eliza jasaten ari zen pertsekuzio bortitza zehaztasun handiz deskribatzen du eta honengatik bere kexa aurkezten du. Errepublikak egiazko sistema faxista bat bezala jokatzen zuela salatu zuen.

Lehen mailako testigantza bat da, Irujo erregimen hartako ministroa baitzen eta sistema honen benetako aurpegi zapaltzailea agertzen baitigu. Zuzenketa txikiren bat egin behar dugu, ordea. Irujok Euzkadin pertsekuziorik ez zegoela esan zuen eta badakigu lurralde horretan, zoritxarrez, 47 apez erailak izan zirela apezak izateagatik. Era berean, hainbat eliza suntsituak izan ziren. Baina agerian uzten du pertsekuzioa botereak onartutako eta antolatutako ekintza sistematikoa zela. Ez zen kontrolik gabeko gaizkile batzuek inprobisatutako ekintza bat izan.

Epaiketarik gabe milaka pertsona erail zituen sistema honek apezak edo erlijiosoak izateagatik. Beste hainbat eliza ere suntsitu egin zituen. Hala eta guztiz ere, zenbait eskuindarrek demokraziaren eredutzat jotzen dute.

Hau da aurreko apirilaren 14an hainbat independentistek omentzen zuten erregimena: beraien aitzindari den Irujok faxismotzat jo zuena eta, geroago, ejerzito nazionalarekin akordio bat eginda eta gerra bertan behera utzita PNVk saldu zuena. Hainbat apez euskaldun eta abertzale akabatu zituen, hainbat euskaldun fededunak izateagatik akabatu zituen, euskaldunek bozkaturiko Estatutua bertan behera utzi zuen, foruak mespretxatu zituen… Zer daukate ospatzeko?

Hau da hainbatek neutraltasuna eta akonfesionaltasunaren izenean aldarrikatzen duten Estatu laikoa: konfesionaltasun antikatolikoa ezartzen duena. Hau da elizen jabetza publikoa dela argudiatuz eraikin erlijiosoen jabetza estatuarena izan behar duela defendatzen dutenen eredua: elizen suntsipena eta gurtzaren debekapena.

Baina entzun diezaiogun Manuel Irujori.

Irujo Ministroaren “Memorandum”a Elizaren egoerari buruz
Errepublikaren Konstituzioak kontzientzi eta kultu-askatasuna aldarrikatzen ditu. Hauen erabilera Kongregazio eta Konfesioen legeak erregulatzen eta babesten du.
Aurreko uztailatik, leiala den lurralde osoan, euskaldunean izan ezik, ondoko hau da Elizaren benetako egoera:
a) Aldare guztiak, irudiak eta gurtzarako objektuak, salbuespen gutxi batzuk kenduta, suntsitu egin dira, gehienak irainez gainera.
b) Eliza guztiak gurtzarako itxi egin dira, gurtza erabat eten delarik.
c) Tenpluen parte handi bati su eman zitzaion, Katalunian normaltasunez, gainera.
d) Parke eta erakunde ofizialek ezkilak, kalizak, kustodiak, zutargiak eta gurtzarako beste hainbat objektu jaso zituzten, hauek urtu eta beraien materialak gerrarako edo industria helburuetarako erabili egin dira.
e) Elizetan mota guztietako biltegiak, azokak, garajeak, ukuiluak, kuartelak, babeslekuak eta bestelako okupazio-motak gauzatu dira – erakunde ofizialek okupatu dituzte – leku hauetan eraikuntza iraunkorrak eginez, ur-instalazioak, zoru eta mostradoreentzako azuleju estalkiak, ateak, leihoak, baskulak, errodajerako bide-zoru bereziak, lantegi-lanetarako txertatutako errotuluak etab egin dituzte.
f) Komentu guztiak hustu dituzte eta bertako erlijio-bizitza suspenditu. Beraien eraikin, gurtzarako objektu eta orotariko ondasunei su eman zaie eta baita hauek lapurtu, okupatu edo suntsitu ere.
g) Milaka apaiz eta erlijioso epaiketarik gabe atxilotuak, espetxeratuak eta fusilatuak izan dira. Ekintza hauek, gutxitu arren, oraindik diraute, eta ez bakarrik landa-guneetan -modu basatian ehizatu eta erail dituzte hemen-, baizik eta hirietan ere. Madril eta Bartzelona eta gainontzeko hiri handien espetxeetan apeza edo erlijiosoa izateko delitua besterik egin ez duten ehunka preso daude.
h) Irudi eta gurtzarako objektuen edukitze pribatua debekatzera ere iritsi da. Poliziak etxeetan miaketak egiten ditu eta, barne bizitza pertsonalerako gelen barruan arakatuz, irudiak, estanpak, erlijio-liburuak eta kultuarekin zerikusia edo harremana daukan guztia irainez eta biolentziaz suntsitzen du.
Hain bortizki gainezka egin duen herri mugimendu honen gertuko kausa ondoko hau izan daiteke. Elizak bere misio ebanjelikoa bete duen tokietan, bere erakundeak mugimendu politiko jakin batek ezaugarritu gabe, Errepublikak eta demokraziak bere jarraitzaileak kristau-espirituko erakundetan izanik, Euzkadin gertatzen den bezala, inork ez zuen tenplu, apez eta erlijiosoen kontra atentaturik egin, ezta beraien kultuak oztopatu ere, gaur herriak eta bertako Gobernuak errespetatu eta babesten ditu. Aipatutako erasoak gainontzeko lurralde leialean izan ziren, zeinean ezin bailiteke orokorrean, behintzat, baieztatu euskal lurraldean izandako jokabidea nabarmentzen dela.
Ez soilik legeen aginduek, baizik eta Errepublikaren onurak ere, Estatuaren ministeriotik, Paris eta Londreseko enbaxadetatik eta Ginebrako erakundetik ikusita batik bat, arazoa aztertzera eta konpontzera behartzen du. Mundu zibilizatuaren iritziak nazkara eramaten duen harriduraz ikusten du Errepublikako Gobernuaren jokabidea, ez baititu galarazi salatutako ekintza bortitzak eta azaldutako eran jarrai dezaten onartzen du. Lehenbiziko mementoetan, olatu iraultzailea itsua, sutsua eta kontrolik gabekoa iruditu zitekeen. Tenplu, aldare eta gurtzarako objektuen suntsipen sistematikoa, ordea, ez da kontrolik gabeko egintza. Baina erakunde ofizialen parte-hartzea industria helburuetarako tenpluen eta gurtzarako objektuen eraldaketan, apaiz eta erlijiosoen espetxeratzea Estatuaren kartzeletan, hauen fusilatzea, ordena publikoko indarrek etxeetako pribatutasunean fededunen kontzientzia egunero laidotzen duen egiazko sistema faxistaren jarraipenak, honek guztiak ez dauka azalpen posiblerik, eta Errepublikako Gobernua bere konplizitate edo ezintasunaren arteko dilemaren aurrean jartzen du, bi aukera hauek Errepublikako kanpo-politika eta mundu zibilizatuaren aurrean bere kausaren irudia kaltetzen dutelarik.
Hau guztia kontuan hartuta, Ministroen Kontseiluak ondoko akordioak hartzea komeni da:
1. Apaiz, erlijioso edota edozein kongregazio edo erlijio-erakunderen kideak izateaz gain beste auzirik ez daukaten guztiak askatu.
2. Kongregazio eta Konfesioen legea bete dadila. Justizia ministroak tenplu eta erlijio eraikinen, eta hauen gaurko egoera, erabilera, pasa izan dituzten gorabeherak eta dauzkaten gurtzarako objektuen zerrenda egin dezala.
3. Aurrerantzean, hauetariko bat ere ez dadila jatorrizko gurtza erabilera ez den helburuetarako erabili, ministerio ordenarekin eta “Gaceta”n plazaratzen ez bada, neurri militarrek premiazkoak dituzten okupazioak salbu.
4. Tenpluetan modu iraunkorrean egiten diren fabrika-lan guztiek Arte-Ederren zuzendaritzaren onarpena izan behar dute.
5. Erlijio-gurtza guztien zilegitasunaren aitorpen zehatza, betiere beraien kanpoko adierazpenak legeetara egokitzen baldin badira.
6. Gurtza praktika eta norbanakoaren eskubideak etxe barruan galarazten duen polizia-ordena ororen galerapena, legea urratzen ez den heinean.
Kontseiluak, dena den, gizalegezkoa adostuko du.
Bartzelonatik Balentziara mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko urtarrilak zazpi.

Manuel Irujo Ollo. Sailik gabeko Ministroa. 1937ko urtarrilak 7.

Advertisements

One Response to Errepublika egiazko sistema faxista bat izan zen

  1. Pingback-a: EH BILDU: HISTORIAN GUTXI | Nire Aitaren Etxea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s

%d bloggers like this: