ARTURO KANPION – Erraondoko azken danbolinteroa

Nafartar garrantzitsuen artean Arturo Kanpion gailendu nahi dugu. Wikipediak ondorengo aipamen laburra dakar, bi galdera hauek hausnar ditzagun: 1. Nolakoa zen Arturo Kanpion pertsona? 2. Nola bizi zuten euskararen defentsa XIX. eta XX. mendeen artean?
Arturo Kanpion Jaimebon[1] —gaztelaniaz: Arturo Campión— (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1854ko maiatzaren 7a – Donostia, Gipuzkoa, 1937ko irailaren 5a) idazlea, euskalaria, abokatua, historialaria eta politikaria izan zen. Euskaldun berria. Bere bizitzaren goiburua, berak idatzitako liburuetan ezarritako esaldi honek laburbiltzen du: «Euskal-Erriaren alde».[2][3] Lan eskerga egin zuen euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriko foruen alde, eta Nafarroa Garaian euskal kulturak XIX. mendearen hondarrean eta XX. mendearen hasieran izandako pizkundearen eragile nagusi izan zen.
Gaztelaniaz idatzi zituen bere lanik garrantzitsuenak, tartean Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara liburu handia, baina euskaraz ere lan egin zuen.
Euskaltzaindiaren fundatzaileetakoa eta euskaltzain osoa izan zen (1918-1937). Nafarroa Garaian Nafarroako Euskara Elkargoa eta haren Euskara agerkaria sortzen lagundu zuen, eta Eusko Ikaskuntzaren presidentea izan zen.
Politikan, Iruñean zinegotzi (1881), Nafarroa Garaitik Espainiako Gorteetarako diputatu (1893) eta Bizkaian senatari izan zen. Ez zen ezein alderdi politikotako kide izan; gaztetan, errepublikazale federalista izan zen ideologiaz, baina gerora alde batera utzi zuen joera hori, eta Euskal Herriarenganako —eta, bereziki, Nafarroa Garaiarenganako— maitazarrea izan zuen gidari bere jarduera politikoan.
26 urte zituela, hainbat euskalkitara itzulitako Orreaga balada idatzi zuen, euskaraz ondu zuen lan bakarra;[4] 1883an Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua Eúskara obra ondu zuen; 1884an, berriz, Gramática Bascongada de los cuatro dialectos literarios de la lengua eúskara lan itzela plazaratu zuen.
Euskal Herriko historian eta ingurunean girotu zituen erdaraz eginiko kontakizun laburrak eta eleberriak: Euskariana. Fantasía y realidad, kontakizun laburren bilduma, 1881etik aurrera idatziak dira eta 1890etik aurrera argitaratuak; Don García Almoravid eleberria, (1889); Blancos y Negros, arrakasta handia izan zuen eleberria (1899); La bella Easo eleberria (1909). Kristautasunak, foruzaletasunak eta Nafarroarekiko eta Euskal Herriarekiko atxikimendu hertsiak moldaturiko gizona izan zen; politikan egonezin eta alderdien aurrean uzkur agertu zen beti —eztabaida ugari izan zuen alderdi guztiekin—; hala ere, 1893an Madrilgo Gorteetako diputatu aukeratu zuten, Nafarroa Garaiko hautagai zerrenda integristan aurkeztu ondoren. 1894tik aurrera, ezin konta ahala liburu, artikulu, hitzaldi eta txosten prestatu zituen Nafarroaren eta Euskal Herriaren historiaz, literaturaz, hizkuntzaz eta politikaz. Villasantek dio: «No es la literatura de Campión una literatura ‘parnasiana’, imparcial, que sólo busca la belleza estética, eso que se ha dado en llamar el arte por el arte. Al contrario, se parece a lo que hoy se llama literatura empeñada o comprometida, parcial, al servicio de una idea, intencionada y proselitista» (1979, 355. or.).
1904an Euskaltzaleen Biltzarra elkarteak Irunen egin zuen bilkura nagusiko buru izan zen. 1910. urtean hasi zen Orígenes del Pueblo Euskaldun obra prestatzen (1926an eman zuen argitara lehen liburukia); 1914an ordura arteko Nafarroako historia ikerketak astindu zituen «Nabarra en su vida histórica» lana argitaratu zuen Geografía del País Vasco-Navarro obraren barnean. 1918an, 63 urte zituela, bere literatura lan preziatuenak bilduz, Euskariana. Fantasía y realidad saileko kontakizun laburrak plazaratu zituen. Kontakizun hauek (El Bardo de Izalzu, Pedro Mari, La Flor de Garralde, Sancho Garcés, Gratxina, Yan Pier Bidart, Una noche en Zugarramurdi…) euskarara eta beste hizkuntza batzuetara itzuli dira. Urte berean, Oñatiko Biltzarrean sortu zen Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Lehendakari izendatu zuten. 1923an, historia ikerketak biltzen zituen Euskariana liburuki berri bat eman zuen argitara; 1931n Orígenes del Pueblo Euskaldun obraren bigarren liburukia eta 1936an hamabigarren Euskariana eta bukatu gabe utziko zuen Orígenes del Pueblo Euskaldun lanaren hirugarren liburukia.
Gerra piztu zenean, Donostian zen eta, 1936ko irailaren 14an, tropa okupatzaile matxinoak hirira sartu eta berehala, Kanpionek sinatutako komunikatu eztabaidagarri bat argitaratu zen Diario de Navarran, matxino eskuindarrei argi eta garbi bere aldeko jarrera adierazten ziena. Aldiz, Bernardo Estornes Lasak Kanpion bisitatu zuen haren etxean Donostian, hiria matxinoen menpe erori baino lehenago, eta hainbat irizpide azaldu zituen uste izateko ohar hori behartua izan zela. Arturo Kanpion, Nafarroak eman duen historialari zorrotz eta euskalari garrantzizkoenetakoa (euskaltzaina izan zen, Euskaltzaindiaren sortzetik), Donostian hil zen, 83 urte zituela, 1936ko gerraren eraginak ikusi ondoren eta isiltasun handienean. Argitaratu gabe utzi zituen, besteak beste, euskal literaturari buruzko obra bat eta La Monja izeneko eleberria.
Karlista gerrak galdu izanak benetako zorigaitza izan zen Euskal Herriaren kultura eta ekonomiarako.
Hemen aukeratu dugun ipuinean Nafarroako eskualde askotan gertatu zen deseuskalduntze-prozesua azaltzen digu Kanpionek, izan ere, hizkuntza bakarrik ez, milaka urteko ohitura eta baloreak ere galdu egin ziren. Agian ez gara Kanpionek idaztitako guztiarekin ados izanen, baina narrazio eder honek islatzen duen errealitate tristea gogoan hartzekoa da oso.

Si quieres leer la narración en español, haz clic aquí.

Narrazioa euskaraz irakurri nahi baduzu, hemen klikatu.

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: