Gero, bi partetan partitua eta berezia

 

Gero Axularrek 1643 urtean lapurteraz Bordelen argitaratutako maisulana dugu, goren mailako liburu erlijioso eta aszetiko bat hain zuzen ere. Euskarazko klasikoen artean nagusiena, famatuena eta arrakastatsuena da.

Gaiari buruz gizonaren helburu nagusia salbamena erdiestea dela esan dezakegu. Honela, nork bere burua engainatuz, jarrera ontzea, bekatua uztea eta Jainkoarengana bihurtzea, geroko uzteak eta gerotik gerora luzatzeak arimarentzako zein kalte handia egiten duen adierazten da. Konbertsioa gerorako uztea erokeria dela esaten da, arima betiko galtzeko arrisku handian jartzen bait da. Bekatuen bidea uzteko hainbat erremedio ere ematen dira.

Antolaketari dagokionez, sarbide gisako bi atariko dauzka. Lehenengoan Bertrand de Echaus Tourseko artzapezkuari eskeintza egiten dio eta bigarrenean irakuleari hitzaurre interesgarri bat zuzentzen dio, non liburua idazteko ideia nola sortu den, euskaraz idazteko hasierako bere erreparoa, euskaraz mintzatzeko modu ezberdinak daudela eta liburua norentzako idatzita dagoen agertzen bait dira.

Honako gai hauek lantzen eta garatzen dira:

–       Alferkeria eta gerotik gerora luzatzearen kalteak (XVI. kapitulura arte).

–       Limosna (XVI-XVII kapituluak).

–       Justiziazko obren egin beharra (XVIII kapitulua).

–       Juramentuak egiteko usantza gaiztoa (XIX kapitulua).

–       Haserrea eta etsaigoak (XX-XXVII kapituluak).

–       Etsaiari barkatzea (XXVIII-XXX kapituluak).

–       Haragizko bekatua (XXXI-XLIV kapituluak).

–       Gizonaren kontzietzia (XLV-XLVI kapituluak).

–       Pertseberantzia edo bertutean irautea (XLVII kapitulua).

–       Zeruko bidea ala infernukoa zein den errazagoa (XLVIII-L kapituluak).

–       Aitortza (LI-LII kapituluak).

–       Bekatariak bekatu eginez Jainkoari, aingeruei eta munduko izaki guztiei bekatuak egiten dien kaltea (LIII-LV kapituluak).

–       Infernua (LVI-LX kapituluak).

Gai guzti hauek luze hedatzen eta elkar erlazionatzen dira. Aipagarria da nola askotan gai baten mamia atalaren bukaeran laburtzen duen eta hurrengo gaiarekin lotzen, bien arteko zerikusia adieraziaz, liburu osoan zehar batasun irudia ematen delarik.

Arrazoiketa eta eztabaidarako grina ikusten zaio idazleari eta sermoi tonua ere bai. Animalien, landareen eta orokorrean naturaren adibideak ematen dira arrazoiak errazago uler daitezen; bizitza arrunteko gauza eta usadio txikiak ere jartzen dira adibidetzat, eta batez ere Elizako doktoreen eta Itun Zahar eta Berrian agertzen diren pasarteak eta arrazoiak ematen dira, baita idazle eta pertsonai klasikoenak ere. Honela, David eta Ieremias profetak, Salomon erregea, San Pablo, San Pedro, San Agustin, San Krisosotomo, San Basilio, San Gregorio, San Anbrosio, Santo Tomas, San Isidoro, etab. maiz agertzen dira, gehienetan euskarara itzulita dauden latinezko esaldien eta adibideen bidez. Pitagoras, Likurgo erregea, Ziro erregea, Martzial olerkaria, Alejandro Haundia, Zizeron, Seneka, Livio filosofaria, Augusto Zesar eta Teodosio enperadoreak eta beste hainbat eta hainbat pertsonai eta beren esaldiak ematen dira aditzera, Axularrek gure aitzaki kaxkarrak bertan behera botatzeko edozein baliabide erabiltzen duelarik. Erakutsi nahi duena adierzteko balio duten heinean jartzen dira adibideak. Ohiturek, hitz-jokoek, hiriekin lotutako adibideek, naturarekin lotutakoek, ofizioekin zerikusia dutenek, baliabide guztiek balio dute.

Fedean dauden iluntasun guztiak argitu nahi ditu idaztankera logiko diskurtsiboa erabiliaz. Jakinduria, erudizio eta jario izugarria azaltzen du idazleak, esaldiak oso landurik agertzen dira, baina beti naturaltasun eta bizitasun osoarekin, eta batzutan umore ttantta batekin ere bai. Humanismoa nabari da hainbat alditan agertzen dituen pertsonai klasikoetan.

Bestalde, eztabaida bat aipatu behar da: batzuen ustez liburua bi zatitan argitaratzeko asmoa zuen Axularrek, non lehenengoan bekataria bekatu bizitzatik atera nahi bait zen eta bigarrenean persona konbertitu berri hau kristau bizitzaren barna eraman. Honela lehenengoa argitaratu eta urte batera hil egin zen idazlea, bigarrena argitaratu gabe. Beste batzuentzat berriz, bi zatiak batera eta ordenatu gabe argitaratu zituen idazlearen ilobak.

Guk ordea, irakutzaileari ematen zaion hitzaurrea kontuan hartuko dugu: “Eta nahi nituzkeien bi parteak elkharrekin, eta batetan athera. Baiña ikhusirik zein gauza guti edireiten den euskaraz eskiribaturik, gogoan behartu naiz eta beldurtu, etziren bideak asko segur eta garbi, baden bitartean zenbait trabu edo bihaztopa-harri. Eta halatan hartu dut gogo, lehenbiziko parte hunen, lehenik benturatzeko, eta berri iakitera bezala aitzinerat igortzeko. Hunek zer iragaiten den, zer begitarte izaiten duen, eta nor nola mintzo den, abisu eman diazadan. Gero abisu haren arauzaz ethorkizunerat gobernatzeko: eta bigarren partearen kanporat atheratzeko, edo barrenean gelditzeko eta estaltzeko”. Honen arabera bigarren zati hau argitaratu gabe legoke, galdua seguruenik.

Laburbilduz, Gero benetako maisu lana dela aitortu behar da bai forma eta bai edukinaren aldetik, gaiak lantzen eta erlazionatzen dituen moduagatik, eta batez ere bere jario eta oparotasun harrigarriagatik. Jakinduri eta erudizio izugarria erakusten du idazleak eta hainbat eta hainbat baliabide erabiltzen ditu arrazoitzeko. Mezua argi eta garbi adierazten du ulergarria izan dadin eta irakurleak bere jokabidea alda dezan.

Amaiera bezala, hona hemen pasarte txiki bat eta atsotiz bat:

“Hurbil dagote Iainkoa zinez eta egiaz gomendatzen eta fabore eskatzen zaizkion guztiei. Eta nahi du eska gakitzan, eta are lehia gakitzan, eta lehenbiziko ezean eta errefusuean eztezagun etsi, baiña athal ondoan dagoen eskalea bezala, erdiets arteino, gauden buthoituak” (299. zatia).

“Gero dioenak bego dio”.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: