DE LUPO

Si quieres leer esto en español, haz click aquí.

Lobo esteparioa banintz bezala sentitzen naiz. “Lobo estepario” diot, estepako otsoa erran beharrean, modu honetaz  Hermann Hesse-k idatzitako nobelaren aipua errazago ikusiko delakoz. Eleberri honetako protagonista lobo esteparioa dugu, “Der Steppenwolf” – 1927 urtean plazaratuta. Bertan goitizen berezi honetaz deitua izan nahi duen gizasemearekin eginen dugu topo. Berak daraman bizitzaren funtsezko ezaugarria: ezinegona.  Ezinegona zeren,  nola bizi (berea jadanik ez den) gizarte arrotz batean?  Ikusten duena bat ere ez datorrenean gainontzekoek (lagun hurkoek) ikusten dutenarekin?

Baietz lelo hau egiten zaion ezaguna irakurleari? Gibelera behatu eta zerbait pasatu dela sumatzen duzu. Ez dakizu zuk noiztik datorren aldaketa baina guardasola atera behar zenuela konturatu zarenerako guztiz bustita zaude jada.

Etxean nahiz eskolan barneratu genituen irakaspenak oker omen dira egun. Gure betiko baloreak ez dira inoren helduleku.

Baloreak…

Duela ez hain guti hitza bera existitu ere ez zela erranen nuke nik.

Berrogei urte oraindik zapaldu ez eta etorkizunerako hausnarketa bati ekin behar diot. Neretako ez bururik ez hankarik ia ez duen gizarte honetan iraunarazteko zer kontatu behar diet nik nere seme-alabei? Are okerrago. Nik nondik norakoa ikusi dut. Erreferentziek bizirik diraute nere baitan. Lausotuagoak ziren lehen baina biziberrituak orai, okerrera gabiltzala baitakit. Nere seme-alabek, aldiz, biziko duten gizarte bakarra gaurkoa, post-postmodernoa izanen da. Zeri helduko diete gainbeheran ez erortzeko? Azalpenik gero nori eskatu, laguntza eske ibili behar badute?

Behin Radio Praga adi entzunez Jiří Weil txekiar idazlearen berri izan nuen. Izenburuaz “Moscú-Frontera” bere liburua irakurri nuen geroago. Berriz ere hemen, ezinegona batez ere irakurketak eragin zidana. Liburuan emazte bat lehen Israelera, gero Sobietar  Errusiara bizitzera joanen da. Erregimeneko bertuteak preziatzen ahal izateko “begiak” aldatu beharko ditu kontaketan zehar mundu berri horrekin bat egiteko.  Ez pentsa pena eta erruki handiz emaztearen eraldaketa  ikusten duzunik. Aitzitik, hain aldakor jokatu izanak amorrua ematen dizu. Baina ikuspuntu pragmatiko batetik begiratuta, irtenbide ezin hobea.

Seme-alabei itzuliz, berriz, ze nolako heldulekuak ematen ahal zaizkie? Euskarririk non? Bakoitzak bere baitarekiko errespetua azaltzen nola lagundu? Estepako otsoa betikotzeko tresnak eta abileziak non harrapatu?

Horren aurka badut nik erantzuna. Euskarririk seguruena. FEDEA proposatu. Gure Jainkoaren maitasuna ezagutarazi.

BARDOT’TAR ALFONSO

SEHASKATXO BAT!

Domingo Agirre Badiola(1864 – 1920) konposatu zuen Jesus Haurrari eskeinitako olerki hau.

 

 

SEHASKATXO BAT!

 


Jaiki gizonak, jaiki artzaiak,

Jauna omen dator eskale;

egin dezagun Haur Jaungoikoa

animen guztien jabe.

 

Hara hemen haur bat

jaio berria,

Jaungoiko izanik

lurrez jantzia…

Begira nago

Haur pozgarria,

nola daukazun

zer miraria!,

esna bihotza,

lotan begia.

 

Lotan zaude Zu

lasto gainean,

esna ta deiez

atai gurean,

ihintzez beterik

gau ilunean,

arrenez eske,

dei samurrean,

har zaitzagula

guk, bihotzean.

 

Ai, nere Jesus,

hatoz nigana!

Zorioneko

Zu zaukazana!

Zuretzako det

nik bihotz dana,

ta naiz Zuk eman

samin ta lana,

Zaude nerekin,

Jesus laztana!

 

Gizon lurtarrak,

esna ta jaiki,

jaiki ta zabal

bihotza ireki.

Jauna da eskale!

Zein ezta erruki?

Egin animan,

epel ta garbi,

sehaskatxo bat

Jesus Haurrari!

Euskal Erria 39 (1898) 597

(Ortografia guk egokitu dugu)

SAN INAZIO JAIO ZEN LURRALDEAN

Loiolako Santutegia airetik

BIBLIAKO PERTSONA-IZENAK ARAUTU DITU EUSKALTZAINDIAK

2015-07-29

bibliako izenak txikia

Kanpoko pertsona-izenen eta izen mitologikoen grafia arautzeko langintzaren barnean, hirugarren araua argitaratu du Euskaltzaindiak: 177. araua (Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (III). Bibliako izenak).

Biblia Mendebaldeko kulturaren ezinbesteko erreferentea da, eta pinturan, eskulturan, musikan, literaturan, poesian, antzerkian edo zinean iturri agortezina izan da: Biblian agertzen diren pertsona-izen asko behin eta berriro agertzen dira artelanetan.

Horregatik, egoki iritzi dio Euskaltzaindiak Biblian agertzen diren izen nagusiak biltzeari eta, euskarazko tradizioa arakatu ondoren, euskarazko grafia zehazteari. Tradizioaz gainera, 66. arauaSantutegiko izen ohikoenak— eta 76. arauaLatin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia— iturri egokiak dira grafia zehazteko irizpideak ezartzeko.

Arauaren sarreran, zehatz-mehatz aipatzen dira grafien inguruko jakingarriak. Irizpide horiei jarraituz moldatu dira Bibliako pertsona-izenen zerrendak, Itun Zaharrekoak zein Itun Berrikoak. Kontuan hartu dira, halaber, literatura-tradizioa, Elizen arteko Biblia eta euskarazko entziklopediak. Arauan, guztira, 202 izen jaso dira (Barnabe, Ezekiel, Jakue Alfeorena edo Jakue Txikia, Maria Magdalakoa, Matusalem…). Eta zenbait ohar argigarri ere sartu dira. Adibidez, Juda eta Judas grafien erabilera-esparruei buruzkoak, edo Jahveh eta Jehova grafiei buruzkoak.

Exonomastika batzordeak lantzen dituen lanetan ohi den bezala, zerrenda eleaniztun bat ematen da, izen bakoitza euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez nola idazten den erakusteko.

Xabier Kintana eta Alfontso Mujika,

Exonomastika batzordeko burua eta idazkaria

LESAKARREK ONINEN ERTZEAN SAN FERMIN OHORATU ZUTEN

Lesakako zaindaria San Martin izan arren, San Fermin egunean ospatzen dute lesakarrek beraien egun handia. Atzo, urteroko ohitura jarraituz, parrokian Meza Nagusia izan eta gero, Fermin Zaindariaren irudiarekin herri guzitik prozesioa egin zen. Ondoren, Eskol Ttikin, Onin errekaren bi aldeetan “ZUBIGAINEKOA” dantzatu zen. Jarraian Lesakako sanferminei buruzko hainbat bitxikeria:

Sei dantza tipiko daude Lesakan. Uztailaren 7an dantzatzen dira, San Fermin egunean. Prozesioa bukatu ondoren, Eskol Ttikira jaisten dira lesakarrak, eta, han, Onin ibaiaren ertzetan, Zubigainekoa dantzatzen dute ezpatadantzariek. XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarria da Zubigainekoa.

Gero, Tantirumairuren doinuan, bandera airean ibiltzen dute, zubi gainean daudela.

Ezpatadantzariak eta bertze guztiak Plaza zaharrera abiatzen dira, eta, han, banderari dantzatzen diote berriz ere. Gero, bandera goititzen dute herriko etxera; ezpatadantzariek dantzaldia egiten dute, eta ohorezko arkua osatzen dute makilekin.

Jendea karriketan barrena prozesioan abiatzen denean, Makil-gurutze dantza dantzatzen dute dantzariek.

San Ferminetan, Ziarkakoa deritzon dantza dantzatzen dute.

Honako hauek dira bertze dantza batzuk: Zantzo-mononoa edo Mutil-dantza, Neska-dantza, eta aurreskuan. Aurreskuan, dantzari kapitainak dantza eskaintzen dio neska kapitainari.

Ezpatadantzarien janzkera

Errito-dantza denez, eta elizkizunei lotutakoa, bada horrek, oro har, antzeko dantza anitzen ezaugarri diren elementu batzuen erabilera baldintzatuko du; zuria oinarrizko kolore bezala, gorria hainbat jantzi eta osagarritarako, banda gurutzatuak, eskapularioak…

Ezpata-dantzari bakoitzak honako hauek janzten ditu: atorra eta galtza zuriak, espartin zuriak apaindura gorriekin, kotoizko gerriko gorria, kolore desberdinetako zinta gurutzatuak dituen eskapulario ikusgarria, galtzetara jositako bi oihal zati kaskabiloekin, eta txapela.

Espartinek espartzu zola dute. Telaren gainean, aurrealdean, oinbularrean, begizta formako azpildura gorria dute. Oinetako mota hau, Nafarroa eta Bizkaiko hainbat herritan erabiltzen den zinta gorriko espartin zuriaren antzekoa da.

Eskapularioak bi aldeetan angeluzuzen forma dauka (27×14 zm). Bi zatiak zinta gorriz lotzen dira (3×50 zm), eta horiek, sorbaldetatik pasatuz, bularretik bizkarrera doaz. Gogortasuna emateko neurri bereko kartoia edo artehuna erabiltzen da. Kartoi edo artehun hau bordatutako saten edo zeta zuriz estaltzen da. Angeluzuzen bakoitzean hiru zati desberdin daude hainbat apaindurarekin. Normalean bi muturretakoak berdin-berdinak izaten dira, eta erdikoak diseinu nagusia izaten du, hori ere, ondokoak bezal-bezalakoa izan daitekeen arren. Erabilitako gaiak ugariak dira: ohiko gaiak (lauburua…), eta orokorrean, Karmengo Amaren irudiak.

Kapitainak eskapulario desberdina darama, ikusgarriagoa. Aurrealdean, erdian, eukaristia-ikurra darama bordatua, eta horrek adierazten du, bertze behin ere, dantza hauek Corpus Christi bestarekin zerikusia dutela. Albo batean Iruñeko San Lorenzo Elizako irudian inspiratutako San Ferminen irudia dago, eta bestean, Lesakako zaindaria den Tourseko San Martinen irudia.

Eskapularioaren gainean, sorbaldan eta bularrean, zetazko zinta gurutzatuak jartzen dira, 10-11 zm zabalekoak. Dantzari bakoitzak 4 zinta daramatza, 4 kolore desberdinekoak.

Zurrumurru batek dioenez kolore hauek herriko banderarenak dira. Bistakoa da hau ez dela horrela, dantzariek erabiltzen dituzten koloreak banderarenak baino aberatsagoak baitira (Lesakako bandera arrosa edo gorri, zuri, hori eta berde kolorezko zeta zatiz egina dago).

Antzina kapitainak bertzeek baino zinta zabalagoak eramaten zituen.

Gurutzatutako zintak, alboan elkartzen dira, gerri inguruan, eta 30 zentimetroko zatiak gelditzen dira aske. Taldearen antzinako argazkietan ikusi daitekeen bezala eskapularioa lotzen duten bi zinta gorriak, luzeagoak ziren, eskapularioaren gainean gurutzatzen ziren, gehiengoa bistan utziz. Xehetasun hori egiaztatu ahal izan zen taldeko antzinako argazkiak begiratuta.

Zintzarriak eusten dituzten zatiak, aurrealdean, oihal edo feltro gorrizkoak dira, eta atzealdean, hari (tela) zurikoak. Luze-zabalean 23×18 zentimetro dituzte. Belaunpe inguruan jartzen dira. Lau zabaldura bertikal dituzte, euren artean 4,5 zm-ko tartea dutenak. Bai zabaldurak, bai alboak, zentrimeto bateko trenzadera zuriz azpilduak daude (zabalduretan alde bakoitzean zentrimeto erdia ikusten da eta horrela zabaldura berdina dute).

Pieza bakoitzak baditu hamabortz begizta, euren artean distantziakide direnak. Begizten zintek zabaleran zentimetro 1 eta luzeran 3 neurtzen dute. Zintetarako bi kolore erabiltzen dira (beste hankarenarekin bat eginez). Oihalean tolestutako zinta bat josten da, eta horren gainean, bertze bat bertze kolore batekoa, gurutze bat osatuz, eta, horren gainean jartzen da zintzarria.

Hamabortz zintzarriek, bere begiztekin, hiru lerro horizontal osatzen dituzte, eta bakoitzak baditu bortz zintzarri. Hauek ertainak eta letoizkoak dira.

Zati hauek bi zintekin lotzen dira galtzetara, bata gorria da eta bertzea urdina, eta alboak lotzen dituzte aztala inguratuz. Behin galtzetan jarrita, zintzarriak hanketako kanpoko aldera begira gelditzen dira.

Dantzariek belaunerainoko prakamotzak eramaten zituztenean, zintzarriak eusten dituzten prenda hauek galtzerdi zurien gainean jarri behar ziren, hanketara belauna azpitik loturik.

Badago bertze modelo bat modernoagoa, lau zabaldura izan beharrean hiru dituena, eta lau lerro, guztira hamasei zintzarrirekin.

Dantza egiten duten bitartean dantzariek txapel gorria daramate buruan. Gaur egun elementu hau beharrezkoa eta ordezka ezina da. Baina erabiltzen noiz hasi zen aztertzea interesgarria izan daiteke.

XVIII. eta XIX. mendeetako jantziak aztertuz, Lesakako dantzariek ilea bilduz buruan zapi bat eramaten zutela ziurta daiteke. Zapi horien gainean zapelak erabiltzen zirela ere pentsa daiteke, baina horri buruz xehetasunak falta dira.

Txapelaren erabilera inguru honetan zaharragoa dela dirudi. Lehendabiziko gerra karlistaren (1833-1839) ondorioz txapela erabiltzen hasi zela diote batzuek.

Hori ikusita, aldaketa aitzineko mendearen erdialdera egin zela pentsa dezakegu. Kontutan hartu behar dugu ere, erritual-giroan gaudela eta gogogabetasuna dela nagusi aldaketak egiterakoan. Garai hartan kapelua txapelagatik aldatzea ez zen lan erraza izan.

Dena dela, prozesu naturala eta onartua izan da, aitzineko mendean egin zen aldaketa bezala, orduan, galtzek praka motzak ordezkatu zituzten. Aitzitik, inoiz ez da planteatu, ez behintzat orokorrean, dantzarien jantziei dagokienez, atzera begiratzea.

Ezpata-dantzarien jantzietan bilakaera izan dela ikusten da. Aldaketa hauek bertze talde batzuetan egin direnekin bat joan dira, eta ez dira sekula kaltegarri jo.

Lesakako dantzetan parte hartzen duten nesken jantziak

Gai honi buruz hitz egiteko bi gauza hartu behar dira kontuan:

-Eskualdeko hainbat herritan, Bera, Arantza, Doneztebe…, dantzan aritzen ziren neskek erabiltzen zituzten jantzi zuriak. Jantzi hauek neska bakoitzarenak ziren.

-Dantza hauek irekiak zirenez, alegia, ez zirenez dantzarientzat bakarrik, besta edo jantzi arrunta erabiltzen ahal zen.

Santiago Irigoien Jaunak dioenez, eta bigarren puntuan aipatu bezala, dantzarien hainbat ekitalditan neska bakoitza bere besta-jantziarekin ikusi izan zuen.

Hala ere, azken urte hauetan behintzat, lehendabiziko puntuan aipatu bezala, jantzi zuriak izan dira erabili izan direnak.

Janzkera honen barne, Lesakan gogoratzen den zaharrena da gona zuria gerruntze gorriarekin. Belaun azpiraino ailegatzen zen bi zerrenda (8 cm-koak) gorriko gona tolesduna zen. Espartin zuriak zinta gorriarekin eta galtzerdirik gabe erabiltzen ziren. Blusa zuria, sorbaldan lotuta eta itxita. Gerreuntza eskotatua, aurrealdean lokarriekin lotuta. Kapitainak sorbalda gainean zapi ikusgarria eramaten zuen.

1945 aldera, Iruñeko Gayarre antzokian taldeak emanaldia eskaini zuen, eta jantzia aldatu zen, antolatzaileen ustetan ez baitzen oso ikusgarria. Orduan jantzi berri bat egin zen. Tolesdun gona zuria egin zen, zerrenda gorririk gabe. Gona honen gainean beste bat zihoan barneko aldea gorria edo urdina zuena. Gainean zihoan gona hau gerriraino igotzen zen atzekaldean lotuz, kolore gorria edo urdina ikusten zen bitartean. Gerreuntza eta espartinen zinta gonaren azpiko kolorea bezalakoa zen. Neska- dantzarako neskak koloreak txandakatuz jartzen ziren.

Jantzi honen ondoren, lehen aipatutakoa erabili zen berriro, gaur egun Arantzako neskek erabiltzen dutena.

Gaur egungo jantzia Francisco Arraras Jaunak asmatu zuen. Kolore desberdinetako oihal gona luzeak, blusa zuria, kolore desberdinetako oihalezko gerreuntza (gonaren kolore desberdina), zapi zuria buruan eta zapata beltzak. Gerritik zintzilikaturik bi zapi zuri daude tolestuak, “neska-dantzan” erabiltzen direnak.

Neskak beraiek jantzia astuna eta beroa dela diote. Ia erabili ez den oihalezko jakatxoa ere badauka jantzi honek.

Orain dela urte batzuk, jantzien egoera eta berritzeko beharra ikusirik eta gai honetan adituak direnen aholkuak jarraituz, aldaketa batzuk egin ziren, mantala handiagoa, gona luzeagoa eta zabaltasun handiagoarekin, zapaten ordez espartinak …

Txistulari aldizkaritik hartutako informazioa

JAUNGOIKOA, LEGE ZARRA ETA DARWIN

Aurreko martxoaren 13an, Erlijio Katoliko ikasgaiaren curriculumaren inguruan eztabaidatu zen Eusko Legebiltzarran. Celaa andreak bere eskandalua agertu zuen Erlijio Katolikoko curriculum berriak, besteak beste, unibertsoak jatorri jainkotiarra daukala edo giza zoriontasuna Jainkoarengan dagoela baieztatzen duelako. Honela, Uriarte hezkuntza sailburuari ikasleei curriculum “dogmatiko” eta “adoktrinatzaile” hori bere horretan inposatuko al zuen galdetu zion.

Uriarte andreak curriculum hori “Espainiako Gotzain Konferentziak egina dela Espainiaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioak direla kausa” erantzun zuen. Celaak argudio hori aitzakitzat jo eta ondoko adibidea jarri zuen: “Imajina dezakezu 10:00tik 11:00etara Darwin espezien eboluzioarekin ulertzen aritzea, ordu erdi geroago kosmosaren jatorri jainkotiarrarekin nahastuta egoteko?”. Gainera, Erlijioa eskolatik kanpo uzteko eskatu zion.

Uriartek bere txandan unibertsoaren kreazioari buruzko teoriei buruz gustora eztabaidatuko lukeela esan zuen. Baina, legebiltzarra horretarako lekua ez denez, Jaurlaritzak “konfesionala ez den hezkuntza sistema baten aldeko aukera egiten du”ela nabarmendu zuen. Sistema horrek “objetibotasun, tolerantzia eta neutraltasunaren irizpideak ditu oinarri eta pertsonen aukeratzeko askatasuna eta erlijio arrazoiengatik ez diskriminatzea bermatzen ditu”ela gaineratuz.

Uriartek Celaari leporatu zion Estatu Espainola izan zela 1979an Akordioak sinatu zituena eta Euskadin gobernatu duen Alderdi Sozialistak ere 2010an argitaratu zuen Elizako agintariek Euskal Autonomi Elkarterako ezarri zuten oinarrizko hezkuntzaren erlijio katolikoaren curriculuma, hor ere. Eta hark ere bai zuten zientziatik at dauden hainbat esaldi eta baieztapen, honelako esaldiak, adibidez, “Jaungoiko aita da, Jaungoikoak gizakiak sortzen eta zaintzen ditu. Gizakiak Jaungoikoaren seme-alabak dira”.

Azaldu nahi genieke gure legebiltzarkideei abertzaletasuna eta sozialismoa “zientziatik at” daudela ere. Ala demostratu du zientziak arraza batzuk besteak baino hobeak direla? Eta gizarte industrialaren ondoren klaserik gabeko gizarte bat etorri al da? Guk behintzat ez dugu ikusten. Ideologien menpe ez baleude, gure politikariek onartu beharko lukete metodo zientifikoa, edo ideologiek zientifikotzat jotzen dutena, ez dela ezagutza iturri bakarra. Galileok berak -fededuna zena- epaitu zutenen aurrean San Agustinen esaldi hau aipatu zuen: «Bibliak ez du irakasten nola egin den zerua, zerura nola joan baizik». Hau da, argi eta garbi desberdintzen zuen ezagutza zientifikoa eta erlijiosoa edo morala. Badirudi gure seme-alaben hezkuntzaren jabe direnak ez direla gai hori egiteko. Alperrikan izango litzateke beraiei azaltzea Big Bangen teoriaren asmatzailea, George Lemaître -apeza zen- aldi berean kreazioa eta Big Bang onartzen zituela. Kreazioak zergatiari erantzuten baitio eta Big Bangek, berriz, jada sortu denaren bilakaerari.

Hola nahi gaituzte, ezjakinak eta manipulatzen errazak. Azken batean, gizakia materia hutsa baldin bada edozer gauza egin daiteke berarekin, ez dauka askatasunik, ez eskubiderik ezta baliorik ere. Horregatik baztertzen dira Erlijioa eta humanidadeak hezkuntzan. Hala egiten du LOMCEk, PPren hezkuntza lege berriak ere. Itxurak egin arren, alderdi guztiak bat datozelako gizonaren deuseztatzean. Eta baita emakumearen deuseztatzean ere noski!

BLANCA URGELLEK PRESTATURIKO “GERO”-ren EDIZIO KRITIKOA AURKEZTU DUTE

Axularren Gero liburuaren edizio berria aurkeztu dute gaur, martxoaren 3an, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak. Blanca Urgell filologoak paraturiko edizio kritikoa da.

Egileak aurkeztu du, José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak eta Julen Calvo Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako zuzendariak lagunduta.

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sustatu duten edizio berri hau “Mendaur” bildumaren barruan kaleratu da, 6. zenbakia da.

Axularren Gero (1643) liburuak, 1976an Luis Villasantek azkenekoz argitaratu zuenetik, ez du jaso merezi duen arreta kritikoa.

Blanca Urgell filologoak (UPV/EHU) goitik behera berrikusitako testu bat aurkezten du, aurreko edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua. Honetarako, testua osoki erkatu da hitzez hitz 1643ko princeps edizioaren ale on batekin, eta pasarte ilun edo zalantzazkoetan baita beste bi alerekin eta bi edizio esanguratsurekin ere: Manuel Lekuona (1954) eta Villasanterenarekin (1976).

Argitaratzaileak testua ezartzerakoan ontzat eman du Patxi Salaberri Muñoaren hipotesia, alegia, 1643ko ale batzuetan dauden eskuzko zuzenketak inprentako zuzentzaile batek egindakoak direla eta, beraz, Axularren jatorrizko eskuizkribuaren irakurketa zuzenak direla.

Testu klasikoa lasai irakurtzeko pentsatua

Gainerakoan, edizio berria Villasanteren edizioaren espirituaren ildotik egina da, hots, testu klasikoa lasai irakurtzeko pentsatuaz. Honegatik, Axularren liburua gaurko grafian emana da, gordetzea merezi duten ezaugarri zahar batzuk gorabehera, eta irakurlea oztopa lezakeen zeinu edo markarik gabe.

Edizio berri honen oinarri gisa egindako lan kritikoan interesa lukeenak liburuaren amaieran “testu-oharrak” izenekoak aurkituko ditu, hots, edizioaren aparatu kritikoa; bertan azaltzen dira princeps-arekiko aldaketak oro, eta argitaratzailearen iritziz oraindik ere zalantzazkoak diren pasarteak seinalatzen dira. Aparatu kritikoak testua finkatzeko erabili diren Gero-aren ale eta edizio ezberdinen irakurketak ere jasotzen ditu banan-banan.

Halaber, Geroko gero Axularren liburuaren bigarren argitalpen datagabearen aldaketa garrantzizko guztiak ere islatzen dira lehendabizikoz. Testuaren hizkuntz ezaugarrien bidez Urgellek erakusten du argitalpen horren arduraduna egiantz handiz XVIII. mende hasierako kostako lapurtar apaiz bat izan zela.

Urgellek dioenez, edizio hau ez da, eta ezin izan daiteke, Axularren testuari buruzko azken hitza: aitzitik, edozein hizkuntzatako klasiko handi guztiek bezala, begi kritiko gehiagoren beharra du eta euskal filologiaren garaian garaiko estandarren zorroztarria behar litzateke izan.

Dena dela, ez dago dudarik edizio hau jatorrizko testuaren berrezarpenean eta haren testu-historian aurrerapauso esanguratsua dela. Ororen gainetik, hala sustatzaileeek nola argitaratzaileak nahi lukete edizio berri hau akuilu izatea gaurko irakurleek begiak bihur ditzaten euskararen idatzizko erabileran gure maisuen maisu izan den idazle nafarraren idazlan bikainera.

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Testua: Euskaltziandia

%d bloggers like this: