SAGARDIA FAMILIARI OMENALDIA

Blog honek Iñaki Iriarteren -EHUko irakaslea eta UPNko legebiltzarkidea- ideologiarekin bat ez egin arren, berak Sagardia familiari eskeinitako omenaldiari buruz (Diario de Navarra 2015/09/09) idatzitakoaren berri eman nahi du. Izan ere, Iriartek esaten duen bezala, ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

Omenaldiaren kartela

EHUko irakasleak dioenez, Sagardiatarrak Gaztelun bizi ziren, erabat euskalduna zen baserri-giroan. Familia Pedrok, bere emaztea, Maria Josefak, eta zazpi semeek osatzen zuten. Behartsuak zirenez, lapurreta txiki batzuk egin zituzten edo hori leporatu zieten bizilagunek. Gerra Zibila hasi eta hilabete batera, Pedro eta seme nagusia lanean ari zirela, zenbait bizilagunek Josefa eta beste sei semeak akatu zituzten.

Pedro Sagardiak bere familiari gertatutakoa salatu zuen. Hainbat atxiloketa egin ziren, baina gertatutakoa ez zen argitu eta, ulergaitza izan arren, justiziak kasua amaitutzat jo zuen. Pedroren osabaren bitartekotzak -Sagardia Generala- ez zuen deustarako balio izan. Gaur egun, Oroimen Historikoaren Legearen babesean, desagertuen familiak gorpuen aurkitzea aldarrikatzen du, ehorzketa duin bat emateko. Hau erabat ulergarria eta errespetagarria da.

Sagardiatarren sarraskia hilketa ikaragarria izan zen, baina Iriartek esaten duen bezala, ez zen hilketa politiko bat izan, batzuek “Sagardia familia frankistek hil zutela” esan arren. Salaketan, Pedro Sagardiak berak eta bere emazteak eskuindarrei botua eman zietela aipatzen du (beraien bizilagun gehienak bezalaxe). 1936ko amaieran, reketeekin boluntario moduan borrokatu zuen bere semearekin. Baten batek, frogarik gabe -agian ideologikoki familia karlista izatea onartezina iruditzen zaiolako- errepresioa sahiestearren, behartuta egin ahal izan zutela baieztatu du. Hau ez da sinesgarria: Sagardiatarrak ez zuten errepublikazalerik beraien arbasoen artean eta, beste leku batzuetan ez bezala, errepresioa oso eskasa izan zen Nafarroako iparraldean. Esate baterako, Baztan osoan, ez zen fusilatu bat ere izan, zorionez. Dena dela, semea “Division Azul” delakoarekin boluntario gisa joan zen.

Hau dela eta, Iñaki Iriartek ulertezina deritzo abuztuaren 30an Euskal Memoriak eta Amapola elkarteak bultzatutako omenaldian ikurrinak eta errepublikaren banderak izatea. Hala da. Zer ikustekorik daukate bandera horiek hildakoekin? Bertan entzun ziren hainbat diskurtso ez dira ulergarriagoak. Batek “Euskal Herriko azken sorgina” deitu zuen Pedro Sagardiaren emaztea. “Gutarrak ziren” bota zuen beste batek (zein ¨gutar”? Euskaldunak? Hiltzaileak euskaldunak ziren ere). Halaber, Sagardiatarren kasua Pertur eta Naparraren kasuekin lotu zuen eta Euskal Herrian 12.000 desagertu dagoela aldarrikatu. Guztiz faltsua da hau: Nafarroako errepresaliatuak Eusko Jaurlaritzak egindako hildako eta errepresaliatu zerrendakoekin elkartzetik etor daiteke okerra. Zerrenda honek frontean hildakoak sartzen ditu barruan, beste aldeko ehunka fusilatu kontutan hartu gabe.

Sagardia familiaren historia ezagutu ondoren, ezin dugu egilearen ondorioa ukatu: ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

EAJk JOSEBA ANDONI AGIRRE AURKEZTU ZUENEKOAZ

Jon Juaristik El bucle melancólico liburuan esaten duenez, Errepublika garaian, EAJk zur eta lur utzi zituen mitin batetan bertaratutako euskaldunak Jose Antonio Agirre Joseba Andoni bezala aurkezterakoan. Izen hauek Sabino Aranak sorturiko izendegi berrian dute jatorria eta Josefa eta Antoni euskal hipokoristiko tradizionalei zegozkien, hau da, emakume izenak ziren. Ikus dezagun:

Jose Antonio Agirre, Aberri Eguna 1933.jpg

Agirre 1933an Donostian ospaturiko Aberri Egunean. Irudia: Wikipedia

Astarloaren teoria oinarrigabearen bidetik, Aranak antzinako euskaran gizonezkoen izenak –a letraz eta emakumezkoak –e letraz amaitzen zirela iriztu zuen. Honela, izen berezien paradigma bat ezarri zuen zeinean, adibidez, Joseba (“Jose”) eta Josebe (“Josefa”) kontrajartzen ziren. Baina -hau bai kasualitatea!-, izen horiei zegozkien euskal tradizioaren hipokoristikoak Josepe (“José”) eta Josepa (“Josefa”) ziren. Hori dela eta, EAJk, Errepublika garaian, zonalde euskaldun batean harridura eta lotsa sortu zuen bere hizlaria –lehendakaria izango zen Jose Antonio Agirre- Joseba Andoni bezala aurkezterakoan (kontutan hartu behar da gaztelerazko Antonia esateko izen ezagun eta tradizionala Antoni zela euskaraz). Ezinbestekoa zen herritarrek Sabino Aranaren izenak ambiguotzat jotzea politikan sartutako Athleticeko jokalari ohiari atxikitu zizkiotenean.

Iturriak:

Jon Juaristi, El bucle melancólico. Historias de nacionalistas vascos, Espasa, Madrid, 1997, 202-203. orr.

Euskaltzaindia, Euskal izendegia. Ponte izendegia, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Donostia, 2002. Sarean: http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=253:pertsona-izenak&catid=232&Itemid=469&lang=eu

EUSKALDUNA ALA FEMINISTA ALA ERREPUBLIKAZALEA

Ainhoa Aznarez Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Aurreko asteazkenean, Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarez iruindarra Parlamentuko presidente aukeratu zuten. PSNko politikari ohiak “euskalduna, feminista eta errepublikazalea” bezala aurkeztu zuen bere burua. Aznarezen esaldi honek hainbat gertakizun historiko eta kontraesan ekarri zizkidan burura.

Esaterako, Bigarren Errepublika Epainolak (1931) nekez onartu zuen emakumezkoen botoa. Hala da, garai hartan, indar errepublikazale eta ezkertiarrek atzerakoitzat jotzen zuten emakumea. Hortaz, ez zuten botoa emateko bezain heldua ikusten. Aurrerakoiek ez zioten emakumeari bere kabuz pentsatzeko ahalmena ezagutzen.

Honela, Clara Campoamor izan zen parlamentuan zeuden lau emakumeen artean emakumezkoen botoa defendatu zuen bakarra. Bere alderdiak (Partido Radical) kontra eman zuen botoa. Indalezio Prietok, PSOEko politikari ospetsuak, berrehun baino legebiltzarkide gehiago bezala, kameratik atera eta botoa emateari uko egin zion. Acción Republicanak, Azañaren alderdiak, botoa kontra eman zuen ere.

Gauzak horrela, emakumezkoaren botoa eskuindarrei esker onartu zen: Alcala Zamoraren alderdiak -Derecha Liberal Republicana-, Maurarenak -Partido Agrario Español- eta gutxiengo euskal-nafarrak (EAJ-PNV eta karlistak) alde egin zuten.

Euskarari dagokionez, oroit dezagun Errepublikak euskararen kontra agertu zela erabat. Adibidez, euskararen ofizialtasuna defendatzen zuen Euskal Estatutua deuseztatu zuen (Lizarrako Estatutua).

Zer pentsatuko du honi guztiari buruz Aznarez andereak?

EUSKALDUNAK ETORRI OTE DIRA?

Joseba Asironen izendapena. Argazkia: Noticias de Guipúzcoa

Iruñan, EH Bilduko Joseba Asironen alkate izendapenean, gauza aunitz ikusi ahal izan genuen. Askoren artean, Espainiako Errepublikaren hainbat banderek “aldaketaren alkatea” deiturikoaren inbestidura ospatzen zuten.

Hainbeste urtean zehar “euskaldunak datozela!” delako leloa izan dutenei, ondokoa esan nahi genieke: zein euskaldun etorri da? Izan ere, Asironi harrera pozaren pozez ematen zioten hiru koloredun banderak Euskal Estatutua (1931) deuseztatu zuen Errepublikarenak dira. Euskaldun gehienek Estatutuaren alde eman zuten botoa. Euskaldunen artean, nafarren %80ak ere eta, nafarren artean, gainera, “euskaldunak datozela!” leloa klasikoa egin dutenen askoren gurasoek eta aiton-amonek ere.

Aniztasun lur honen beste paradoxa bat…

EH BILDU: HISTORIAN GUTXI

Hildakoen Monumentua. Wikipedia

Aurreko maiatzaren 13an, EH Bilduk prentsaurrekoa egin zuen Rodezno Kontearen plazako Hildakoen Monumentuaren aurrean.  Adolfo Araiz, Nafarroako presidentegaia, foru gobernuei diktadura garaian desagertutako 1.200 nafarren familien alde “ezer gutxi” egin izana leporatu zien.

Beste aldetik, Iruñako alkategaia den Joseba Asironek Monumentuaren erabilera erabakiko duten eztabaida parte hartzailea eta nazioarteko ideia lehiaketa proposatu zituen, etorkizunean “pakea, oroimena, justizia eta erreparazioa”ren alde lan egiteko erabiliko dela argi utziz.

Hortaz gain, Asiron “egiaren batzorde” bat eratzeaz mintzatu zen. Hau oroimen kontuetan legearen betetzeaz arduratuko litzateke. Hilobien mapa egiten jarraitzeaz gain, ahal den neurrian testigantzak jasotzeaz eta Iruñako kaleetatik frankismoaren edozein sinbolo ezabatzeaz aritu zen ere alkategaia.

Honen guztiaren aurrean, zera galdetu nahi genieke EH Bilduko ordezkariei: Euskal Herriko euskaltegi zaharrenaren kasuan, oroimen historikoaren legea betetzeko asmorik al duzue? Comedias kaleko Arturo Campion euskaltegiaz ari gara. Euskaltzale ospetsu honek, Donostiako bere etxean zegoela, altxatuen alde agertu zen. Honela hitz egiten zuen Campionek Diario de Navarran 1936ko irailaren 14an plazaratu zuen gutunan:

tengo el gusto de hacer constar que, liberada esta ciudad de la tiranía roja, quiero manifestar, a la vez que mi protesta más enérgica por el incalificable proceder del nacionalismo vasco, mi adhesión inquebrantable a la Junta Nacional de Burgos“.

Eta zer egingo dute Ermitagaina auzoko Jose Maria Iribarren ikastetxe publikoarekin? Idazle tuterarra -Canpion bezala, Euskaltzaindiako urgazlea izan zena- Emilio Mola jeneralaren idazkaria izan baitzen. Ezaguna den bezala, Mola 1936ko altxamenduaren antolatzaile nagusietako bat izan zen eta Monumentuan lurperatuta dago.

Beste horrenbeste esan genezake EAJ eta bere sinboloei buruz. Zer irudikatzen dute? Ezin dugu ahaztu Napar Buru Batzarrak ondoko oharra helarazi ziola gobernadore zibilari (1936ko uztailak 23 Diario de Navarran agertu zen):

El Partido Nacionalista Vasco de Navarra hace pública declaración de que, dada su ideología fervientemente católica y fuerista, no se ha unido ni se une al Gobierno en la lucha actual, declinando en sus autores toda responsabilidad que se derive de la declaración de adhesión al Gobierno aparecida en la prensa, sobre la que podemos asegurar que no ha sido tomada por la Autoridad Suprema del Partido. Pamplona, 20 julio de 1936

Gainera, justua litzateke ere Errepublikaren biktimak aipatzea. Horrela egin zuen Manuel Irujok, Lizarran sortutako EAJko politikariak. Errepublika Espainiarraren justizia ministroa zela, 1937ko urtarrilan, Ministro-kontseiluan aurkeztutako “memorandum”ean Errepublika egiazko sistema faxista bat bezala jokatzen zuela salatu zuen (ikusi lotura).

EH Bildu: historian gutxi.

FRANKISTEZ ARI GARELA

Arturo Campion (Wikipedia)

Aurreko otsailaren 2an, Nafarroako Parlamentuak frankismoarekin zerikusia daukaten pertsonak goraipatzen dituzten ezagupen publikoak baliorik gabe uzteko adierazpen bat onartu zuen. I-Ek aurkeztuta, UPNk, PSNk, Bildu-Nafarroak eta Aralar-NaBaik alde bozkatu zuten. PPNk, berriz, abstentzioa.

Adierazpen honen aurrean, gauza asko argitu beharko litzateke. Lehenengo eta behin, esan beharra dago askok eta askok Francorekin burrukatu zutela baino ez “Francorengatik” edo “Francoren alde”. Horixe da hain zuzen euskaldun eta euskaltzale askoren kasua. Aipa dezagun, adibidez, Julio Urkixoren kasua. Urkixo, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sustatzaile bat izateaz gain, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria sortu zuen. Politikan, karlista zen eta 1936ko gerran Francorekin boluntario bezala burrukatu zuen.  Gerra ostean, Gipuzkoako seme kuttun izendatu zuten. Oroit dezagun gerra bitartean Frankok karlisten burua Fal Conde, heriotz zigorrera kondenatu zuela eta gerra ostean, karlisten egoitzak -“zirkuluak”, alegia- itxi egin zituela. Eskatuko al dute legebiltzarkideek Julio Urkixoren izena edo ezagupena kentzea?

Arturo Campion bera ere altxatuen alde jarri zen. Donostian zegoelarik, “noiz ailegatzen dira geureak?” galdetu zuen. “Geureak” frankoren soldaduak ziren, noski. Gainera, 1936ko irailaren 14an Diario de Navarran gutun bat plazaratu zuen altxamenduaren alde. Eskatuko al dute Arturo Campionen izena debekatzea?

Antzeko zerbait esan genezake Jose Antonio Agirre lehendakari buruz. Agirre 1937an Mussolinirekin alde bakarreko akordio batetara ailegatu zen iparraldeko burruka bertan behera uzteko eta Frente Popularra saltzeko. Honela, gudarien burruka gerra bukatu baino bi urte lehenago amaitu zen, Francori garaipena erreztuz. Zergatik eskeintzen zaizkio Jose Antonio Agirreri plazak eta kaleak? Hamaika adibide gehiago aipa genitzake.

Bestetik, ezkertiar espainolei  galdetu beharko litzaieke Dolores Ibarrurik, Santiago Carrillok edo Indalecio Prietok zer giza eskubide mota defendatzen zuten. Sobietar Batasunan zirenak, hain zuen. Stalinen “demokrazia” hark milioika pertsona akatu zituen. Zergatik izan behar dira legalak tirania ilun haren alde burrukatzen zutenen izenak? Ezin dugu ahaztu gainera lider komunista horiek ezagupen publikoa izan dutela, baita Espainiako Kongresuan ere. Ez al ziren komunismoak errepresaliatutakoak gizakiak?

Argi dago gure historia ez datorrela bat politikarien eskema eta klixe itxi eta sinpleekin. Garai latz hartan gertatu ziren gauzak konplexuagoak dira eta ezin dira manikeismo erraz batekin azaldu. Ahalegin handi bat egin beharra dago gure historia garaikidea ulertzeko. Bere bizikoa da elkarbizitza oinarritzeko. Gizarteak ez luke eginkizun hau alderdi politikoen eskuetan utzi behar.

Errepublika egiazko sistema faxista bat izan zen

¡Si quieres leer este artículo en español, aprieta aquí!

Aurreko apirilaren hamalauan, Bigarren Errepublika Espainiarraren urtemuga ospatu zen. Deigarria bada ere, kolore guztietako alderdiek bazuten zer ospaturik egun horretan: komunistak, sozialistak, liberalek, independentistek, etab. Oraindik gogoan daukagu Zapaterok elkarrizketa batean bota zuen esaldi xelebrea: “errege oso errepublikazalea daukagu”. Bere garaian Aznar presidenteari ere entzun izan genion Manuel Azaña Errepublikako presidentearen mireslea zela. Guztien laudorioak merezi omen ditu 1931tik 1936ra iraun zuen erregimen horrek. Demokrazia eta askatasunaren paradisua izan omen zen hura. Post hau irakurtzen jarraitu

%d bloggers like this: