EZKABAKO PRESOEK OLAETXEA GOTZAIARI BIDALI ZIOTEN ESKER ONEKO GUTUNA

Alfonso XII.aren Gotorlekua, San Kristobal edo Ezkaba mendian

Argazkia: Wikipedia

Atzo esan genuenez (Marzelino Olaetxea, preso politikoen defendatzailea), hurrengo sarreretan, Olaetxea gotzaiaren artxibategi pertsonaleko zenbait agiri osorik plazaratuko genituen, gure protagonistak Nafarroako preso politikoen alde egin zuena frogatze aldera.

Olaetxeak gotorlekura 1940ko irailaren 24an egin zuen bisita zela eta, Ezkaba mendiko presoek Iruñako Gotzaiari bidalitako gutunatik hasiko gara (Mensaje enviado por los reclusos de San Cristóbal al Excmo. e Ilmo. Señor Obispos de Pamplona, con ocasión de su visita a la Prisión-Fortaleza el 24 de septiembre de 1940, día de Nuestra Señora de la Merced). Honela esaten du hitzez hitz (itzulpena geurea da):

Gotzai Jauna: Jaun txit prestua, zerua ukitzeraino altua den berorren duintasunagatik eta gure garraztasuna partekatzeko eta leuntzeko guregana ekarri duen kristau apaltasunagatik, bi aldiz da txit prestua.

Gotzai Jauna: Jaun txit prestu horri adeitasunezko eta maitasunezko mezu bero bat emateko eginbeharra daukat. Eta, hala egiterakoan, neure espetxekide guztien izenean hitz egiten dut; hemen presente daudenen izenean; bularrean, bihotzaren gainean, esker oneko lore bat -arima onek esparru honen harrietatik har dezaketen bakarra- zeramatela kartzelatik atera zituztenen izenean; eta baita hildakoen izenean ere hitz egiten dut, zeinak Jainkoak askatu baitzituen eta zeinen arimei gaur gure artean egoten utziko baitzien…

Denok, bagaudenok eta bazeudenak, gizakiei egiten ahal zaien onurarik handiena egiteagatik -zoritxarran maitatu eta lagundu- Jaun txit prestu horrekin gaude zorretan.

Baina, bereziki, Jaun txit prestu horrekin eskerrak emateko ezin ihartuzko zor gozoa daukatenak zorigaiztoko HIRUGARREN BRIGADAko  lagunak dira, bizitzan zigor bikoiz baten zama bikoitzak lurperatuta baitzeuden. Jaun txit prestu horri esker, HIRUGARREN BRIGADA ez da jadanik existitzen… Inolako indar materialik mugi ezin zuen zigor bikoitzaren zama bikoitza Jaun txit prestu horren giza maitasunak, kristau-maitasunaren izpiritu indarrak, jaso du.

Honela, salbagaitzak ziruditenak salbatuak daude. Asko beraien etxeetara itzuli dira, eta oraindik hemen direnak, gainontzeko presoen baldintza berberetan, agian gertu den askapenaren ordua itxaroten dute… Halakoa da Jaun txit horrek egindako lana; gu guztiok, gaudenok eta gure artean ez daudenek, txanponez txanpon, hau da, maitasuna maitasunaren truke itzuliz besterik ezin dugu ordaindu. Maitasun horrek, lege sakratu baten moduan, ona egiteko bizitzera behartzen gaituela ahaztu gabe. Jaun txit prestu hori bizi den bezala eta, bere adibidea jarraituz, gizakiak bizi daitezela nahi duen bezala.

Hona hemen, Gotzai Jauna, jardunaldi handi honetan Jaun txit prestu horri eman behar diodan mezua; San Kristobalen bi festaburu elkartzen dituen jardunaldi honetan: Mesedeetako Ama Birjinaren eguna eta hainbeste itxaron eta desiatu den Jaun txit horren bisitarena.

Mezu honen esker on testigantza gure Kaperau Jaunei luzatu nahi eta behar diegu ere, une guztietan kontsolamendua eta babesa eman baitigute; Karitatearen alabei, borondatez gurekin gatibualdia partekatzen dutenak eta beraien pairamenarekin leuntzen dutenak; gure Zuzendari Jaunari, diziplinaren gogortasuna ontasunaren aringarriarekin anaitzen jakin izan zuelako beti; eta azkenik, Administratzaile Jaunari, Zerbitzuaren Nagusi Jaunei, Ofizialei eta Zaindariei, Zuzendaritzaren izpirituarekin bat eginik, beraien betebeharra presoei zor zaien begirunearekin betetzen dakitenak.

Hau da, Gotzai Jauna, ordu honetan eta nere lagun guztien izenean esateko neukan eginkizuna: bagaudenak, gure artean ez daudenak eta hildakoak, zeinen arimei, gaur, hemen, gure artean, borondate oneko gizonen bihotzetan maitasuna den esker oneko festa honetan Jainkoak parte hartzen utziko baitzien. Antonio G. de Linares.

(Vicente Cárcel Ortí, Caídos, víctimas y mártires, Espasa, Madrid, 2008, 60. orr.)

Jarraituko du…

%d bloggers like this: