FRANKISTEZ ARI GARELA

Arturo Campion (Wikipedia)

Aurreko otsailaren 2an, Nafarroako Parlamentuak frankismoarekin zerikusia daukaten pertsonak goraipatzen dituzten ezagupen publikoak baliorik gabe uzteko adierazpen bat onartu zuen. I-Ek aurkeztuta, UPNk, PSNk, Bildu-Nafarroak eta Aralar-NaBaik alde bozkatu zuten. PPNk, berriz, abstentzioa.

Adierazpen honen aurrean, gauza asko argitu beharko litzateke. Lehenengo eta behin, esan beharra dago askok eta askok Francorekin burrukatu zutela baino ez “Francorengatik” edo “Francoren alde”. Horixe da hain zuzen euskaldun eta euskaltzale askoren kasua. Aipa dezagun, adibidez, Julio Urkixoren kasua. Urkixo, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sustatzaile bat izateaz gain, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria sortu zuen. Politikan, karlista zen eta 1936ko gerran Francorekin boluntario bezala burrukatu zuen.  Gerra ostean, Gipuzkoako seme kuttun izendatu zuten. Oroit dezagun gerra bitartean Frankok karlisten burua Fal Conde, heriotz zigorrera kondenatu zuela eta gerra ostean, karlisten egoitzak -“zirkuluak”, alegia- itxi egin zituela. Eskatuko al dute legebiltzarkideek Julio Urkixoren izena edo ezagupena kentzea?

Arturo Campion bera ere altxatuen alde jarri zen. Donostian zegoelarik, “noiz ailegatzen dira geureak?” galdetu zuen. “Geureak” frankoren soldaduak ziren, noski. Gainera, 1936ko irailaren 14an Diario de Navarran gutun bat plazaratu zuen altxamenduaren alde. Eskatuko al dute Arturo Campionen izena debekatzea?

Antzeko zerbait esan genezake Jose Antonio Agirre lehendakari buruz. Agirre 1937an Mussolinirekin alde bakarreko akordio batetara ailegatu zen iparraldeko burruka bertan behera uzteko eta Frente Popularra saltzeko. Honela, gudarien burruka gerra bukatu baino bi urte lehenago amaitu zen, Francori garaipena erreztuz. Zergatik eskeintzen zaizkio Jose Antonio Agirreri plazak eta kaleak? Hamaika adibide gehiago aipa genitzake.

Bestetik, ezkertiar espainolei  galdetu beharko litzaieke Dolores Ibarrurik, Santiago Carrillok edo Indalecio Prietok zer giza eskubide mota defendatzen zuten. Sobietar Batasunan zirenak, hain zuen. Stalinen “demokrazia” hark milioika pertsona akatu zituen. Zergatik izan behar dira legalak tirania ilun haren alde burrukatzen zutenen izenak? Ezin dugu ahaztu gainera lider komunista horiek ezagupen publikoa izan dutela, baita Espainiako Kongresuan ere. Ez al ziren komunismoak errepresaliatutakoak gizakiak?

Argi dago gure historia ez datorrela bat politikarien eskema eta klixe itxi eta sinpleekin. Garai latz hartan gertatu ziren gauzak konplexuagoak dira eta ezin dira manikeismo erraz batekin azaldu. Ahalegin handi bat egin beharra dago gure historia garaikidea ulertzeko. Bere bizikoa da elkarbizitza oinarritzeko. Gizarteak ez luke eginkizun hau alderdi politikoen eskuetan utzi behar.

%d bloggers like this: