SAGARDIA FAMILIARI OMENALDIA

Blog honek Iñaki Iriarteren -EHUko irakaslea eta UPNko legebiltzarkidea- ideologiarekin bat ez egin arren, berak Sagardia familiari eskeinitako omenaldiari buruz (Diario de Navarra 2015/09/09) idatzitakoaren berri eman nahi du. Izan ere, Iriartek esaten duen bezala, ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

Omenaldiaren kartela

EHUko irakasleak dioenez, Sagardiatarrak Gaztelun bizi ziren, erabat euskalduna zen baserri-giroan. Familia Pedrok, bere emaztea, Maria Josefak, eta zazpi semeek osatzen zuten. Behartsuak zirenez, lapurreta txiki batzuk egin zituzten edo hori leporatu zieten bizilagunek. Gerra Zibila hasi eta hilabete batera, Pedro eta seme nagusia lanean ari zirela, zenbait bizilagunek Josefa eta beste sei semeak akatu zituzten.

Pedro Sagardiak bere familiari gertatutakoa salatu zuen. Hainbat atxiloketa egin ziren, baina gertatutakoa ez zen argitu eta, ulergaitza izan arren, justiziak kasua amaitutzat jo zuen. Pedroren osabaren bitartekotzak -Sagardia Generala- ez zuen deustarako balio izan. Gaur egun, Oroimen Historikoaren Legearen babesean, desagertuen familiak gorpuen aurkitzea aldarrikatzen du, ehorzketa duin bat emateko. Hau erabat ulergarria eta errespetagarria da.

Sagardiatarren sarraskia hilketa ikaragarria izan zen, baina Iriartek esaten duen bezala, ez zen hilketa politiko bat izan, batzuek “Sagardia familia frankistek hil zutela” esan arren. Salaketan, Pedro Sagardiak berak eta bere emazteak eskuindarrei botua eman zietela aipatzen du (beraien bizilagun gehienak bezalaxe). 1936ko amaieran, reketeekin boluntario moduan borrokatu zuen bere semearekin. Baten batek, frogarik gabe -agian ideologikoki familia karlista izatea onartezina iruditzen zaiolako- errepresioa sahiestearren, behartuta egin ahal izan zutela baieztatu du. Hau ez da sinesgarria: Sagardiatarrak ez zuten errepublikazalerik beraien arbasoen artean eta, beste leku batzuetan ez bezala, errepresioa oso eskasa izan zen Nafarroako iparraldean. Esate baterako, Baztan osoan, ez zen fusilatu bat ere izan, zorionez. Dena dela, semea “Division Azul” delakoarekin boluntario gisa joan zen.

Hau dela eta, Iñaki Iriartek ulertezina deritzo abuztuaren 30an Euskal Memoriak eta Amapola elkarteak bultzatutako omenaldian ikurrinak eta errepublikaren banderak izatea. Hala da. Zer ikustekorik daukate bandera horiek hildakoekin? Bertan entzun ziren hainbat diskurtso ez dira ulergarriagoak. Batek “Euskal Herriko azken sorgina” deitu zuen Pedro Sagardiaren emaztea. “Gutarrak ziren” bota zuen beste batek (zein ¨gutar”? Euskaldunak? Hiltzaileak euskaldunak ziren ere). Halaber, Sagardiatarren kasua Pertur eta Naparraren kasuekin lotu zuen eta Euskal Herrian 12.000 desagertu dagoela aldarrikatu. Guztiz faltsua da hau: Nafarroako errepresaliatuak Eusko Jaurlaritzak egindako hildako eta errepresaliatu zerrendakoekin elkartzetik etor daiteke okerra. Zerrenda honek frontean hildakoak sartzen ditu barruan, beste aldeko ehunka fusilatu kontutan hartu gabe.

Sagardia familiaren historia ezagutu ondoren, ezin dugu egilearen ondorioa ukatu: ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

DONOSTIAN ZEZENKETAK, BERRIRO ERE

EH Bilduk zezenketak debekatu zituenetik bi urte pasa eta gero, Donostian zezenketak bueltatuko dira EAJko Eneko Goia alkate berriari esker.

Tauromakia espainola dela eta, beraz, euskaldunentzat ohitura arrotza, topiko nazionalista -ez ezker abertzalearena soilik- errepikakor bat izan da. Hala eta guztiz ere, alkate abertzale baten eskutik etorriko da euskal tradizio honen berreskurapena Donostian.

Ez da oso erraza Euskal Herria baino herri zezenketazaleagorik aurkitzea. Esate baterako, Donostiak, historian zehar, sei zezen plaza izan ditu.  Gipuzkoan, beste hogeitabi eszenatoki aipa daitezke, Arrasatetik Zumaiara, zeinetan aberere suharrekin San Juanak, San Pedroak, San Inazioak, San Martzialak, San Ferminak, Santioak, Santa Anak, San Rokeak, San Bartolome jaiak, Abuztu eta Iraileko Andre Mariak, Madalenak edo Santa Anastasiak ospatu izan diren.

Antonio Fernandez Casadok bere Diccionario Taurino Guipuzcoano (De la plaza de toros de Arrásate al torero pintor, Ignacio Zuloaga) liburuan dioenez, Inazio Zuloaga (Zezenak Eibarren), Dario de Regoyos (Zezenak Pasaian), edo Gustave Colin (Zezenak Lezon) bezalako margolari garrantzitsuek zezenketa hauen akta jaso zuten hainbat lanetan.

Ez hori bakarrik, dokumentazio zabala erabiltzen duen liburu honetan irakur daitekeen bezala, XIX. mendetik gaur egun arte, hamar zezen-hiltzaile eman izan ditu Gipuzkoak: Mazzantini, Pedro Basauri “Pedrucho de Eibar”, Jose Maria Recondo, Irineo Baz “El Charro”, Manuel Cruz “Morenito de Jaen”, Oscar Diaz “El Trueno”, Jose Ramon Martin, Leonardo Polo, Raul Zorita eta Iker Cobo.

Herri kulturan hainbat kantuk islatuta utzi dute zezenketazaletasun hau. Adibidez, “Zezenak dira” abestia:

Dira, dira,
zezenak dira 
buztana motza,
adar zorrotza
harrapatzen bazaitu,
harrapatzen bazaitu,
jo ta bertan hilko zaitu
jo ta bertan hilko zaitu.

Dira, dira,
zezenak dira
bel-beltzak dira
harrapatzen bazaitu,
harrapatzen bazaitu,
jo ta bertan
hilko zaitu.

Kanta honen bertsio desberdinak daude, herrien arabera. Ondoren Oskorri taldearen bertsioa entzun daiteke. Iriyarena kantarekin batzen du (gero Artillerorekin jarraituz).

Tolosako ihauterietan:

IRIYARENA

Ai! Tolosa´ko zezen suzkoa
izan zaitez zorionekoa.
Zezena dator arkupetatik
txinparta dariola Begietatik
zinbutuka ta zanbuluka ta
jendean gañetik.

IJITO ABERTZALEAK

Tito Borja. Argazkia: Andoni Lubaki (Vice)

Andoni Lubakik Vicen argitaratutako artikulu batetan (Euskadi independiente y flamenco: los gitanos nacionalistas vascos de Bilbao), ijito abertzale batzuen berri ematen digu.

Tito Borjak, adibidez, hil aurretik Euskadi independiente ikusi nahiko luke. Bilbo zaharran hazia, aspaldidanik EAJri ematen dio botoa. Erdizka Ijitoa eta erdizka euskalduna dela esaten du ere, berarentzat ez dago ezberdintasunik.

Anjel Borja, beste ijito bilbotar bat da, Otxarkoaga auzokoa. Bere esanetan, inork baino hobe ordezkatzen du EAJk ijitoen ideologia: Jaungoikoa eta lege zaharra.

Eta hona hemen Sabino Aranak ijitoei buruz esaten duena: “En Cataluña todo elemento procedente del resto de España lo catalanizan, y les place a sus naturales que hasta los municipales aragoneses y castellanos de Barcelona hablen en catalán; aquí padecemos muy mucho cuando vemos la firma de un Pérez al pie de unos versos eusquéricos, u oímos hablar nuestra lengua a un cochero riojano, a un liencero pasiego o a un gitano.”

EH BILDU: HISTORIAN GUTXI

Hildakoen Monumentua. Wikipedia

Aurreko maiatzaren 13an, EH Bilduk prentsaurrekoa egin zuen Rodezno Kontearen plazako Hildakoen Monumentuaren aurrean.  Adolfo Araiz, Nafarroako presidentegaia, foru gobernuei diktadura garaian desagertutako 1.200 nafarren familien alde “ezer gutxi” egin izana leporatu zien.

Beste aldetik, Iruñako alkategaia den Joseba Asironek Monumentuaren erabilera erabakiko duten eztabaida parte hartzailea eta nazioarteko ideia lehiaketa proposatu zituen, etorkizunean “pakea, oroimena, justizia eta erreparazioa”ren alde lan egiteko erabiliko dela argi utziz.

Hortaz gain, Asiron “egiaren batzorde” bat eratzeaz mintzatu zen. Hau oroimen kontuetan legearen betetzeaz arduratuko litzateke. Hilobien mapa egiten jarraitzeaz gain, ahal den neurrian testigantzak jasotzeaz eta Iruñako kaleetatik frankismoaren edozein sinbolo ezabatzeaz aritu zen ere alkategaia.

Honen guztiaren aurrean, zera galdetu nahi genieke EH Bilduko ordezkariei: Euskal Herriko euskaltegi zaharrenaren kasuan, oroimen historikoaren legea betetzeko asmorik al duzue? Comedias kaleko Arturo Campion euskaltegiaz ari gara. Euskaltzale ospetsu honek, Donostiako bere etxean zegoela, altxatuen alde agertu zen. Honela hitz egiten zuen Campionek Diario de Navarran 1936ko irailaren 14an plazaratu zuen gutunan:

tengo el gusto de hacer constar que, liberada esta ciudad de la tiranía roja, quiero manifestar, a la vez que mi protesta más enérgica por el incalificable proceder del nacionalismo vasco, mi adhesión inquebrantable a la Junta Nacional de Burgos“.

Eta zer egingo dute Ermitagaina auzoko Jose Maria Iribarren ikastetxe publikoarekin? Idazle tuterarra -Canpion bezala, Euskaltzaindiako urgazlea izan zena- Emilio Mola jeneralaren idazkaria izan baitzen. Ezaguna den bezala, Mola 1936ko altxamenduaren antolatzaile nagusietako bat izan zen eta Monumentuan lurperatuta dago.

Beste horrenbeste esan genezake EAJ eta bere sinboloei buruz. Zer irudikatzen dute? Ezin dugu ahaztu Napar Buru Batzarrak ondoko oharra helarazi ziola gobernadore zibilari (1936ko uztailak 23 Diario de Navarran agertu zen):

El Partido Nacionalista Vasco de Navarra hace pública declaración de que, dada su ideología fervientemente católica y fuerista, no se ha unido ni se une al Gobierno en la lucha actual, declinando en sus autores toda responsabilidad que se derive de la declaración de adhesión al Gobierno aparecida en la prensa, sobre la que podemos asegurar que no ha sido tomada por la Autoridad Suprema del Partido. Pamplona, 20 julio de 1936

Gainera, justua litzateke ere Errepublikaren biktimak aipatzea. Horrela egin zuen Manuel Irujok, Lizarran sortutako EAJko politikariak. Errepublika Espainiarraren justizia ministroa zela, 1937ko urtarrilan, Ministro-kontseiluan aurkeztutako “memorandum”ean Errepublika egiazko sistema faxista bat bezala jokatzen zuela salatu zuen (ikusi lotura).

EH Bildu: historian gutxi.

FRANKISTEZ ARI GARELA

Arturo Campion (Wikipedia)

Aurreko otsailaren 2an, Nafarroako Parlamentuak frankismoarekin zerikusia daukaten pertsonak goraipatzen dituzten ezagupen publikoak baliorik gabe uzteko adierazpen bat onartu zuen. I-Ek aurkeztuta, UPNk, PSNk, Bildu-Nafarroak eta Aralar-NaBaik alde bozkatu zuten. PPNk, berriz, abstentzioa.

Adierazpen honen aurrean, gauza asko argitu beharko litzateke. Lehenengo eta behin, esan beharra dago askok eta askok Francorekin burrukatu zutela baino ez “Francorengatik” edo “Francoren alde”. Horixe da hain zuzen euskaldun eta euskaltzale askoren kasua. Aipa dezagun, adibidez, Julio Urkixoren kasua. Urkixo, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sustatzaile bat izateaz gain, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria sortu zuen. Politikan, karlista zen eta 1936ko gerran Francorekin boluntario bezala burrukatu zuen.  Gerra ostean, Gipuzkoako seme kuttun izendatu zuten. Oroit dezagun gerra bitartean Frankok karlisten burua Fal Conde, heriotz zigorrera kondenatu zuela eta gerra ostean, karlisten egoitzak -“zirkuluak”, alegia- itxi egin zituela. Eskatuko al dute legebiltzarkideek Julio Urkixoren izena edo ezagupena kentzea?

Arturo Campion bera ere altxatuen alde jarri zen. Donostian zegoelarik, “noiz ailegatzen dira geureak?” galdetu zuen. “Geureak” frankoren soldaduak ziren, noski. Gainera, 1936ko irailaren 14an Diario de Navarran gutun bat plazaratu zuen altxamenduaren alde. Eskatuko al dute Arturo Campionen izena debekatzea?

Antzeko zerbait esan genezake Jose Antonio Agirre lehendakari buruz. Agirre 1937an Mussolinirekin alde bakarreko akordio batetara ailegatu zen iparraldeko burruka bertan behera uzteko eta Frente Popularra saltzeko. Honela, gudarien burruka gerra bukatu baino bi urte lehenago amaitu zen, Francori garaipena erreztuz. Zergatik eskeintzen zaizkio Jose Antonio Agirreri plazak eta kaleak? Hamaika adibide gehiago aipa genitzake.

Bestetik, ezkertiar espainolei  galdetu beharko litzaieke Dolores Ibarrurik, Santiago Carrillok edo Indalecio Prietok zer giza eskubide mota defendatzen zuten. Sobietar Batasunan zirenak, hain zuen. Stalinen “demokrazia” hark milioika pertsona akatu zituen. Zergatik izan behar dira legalak tirania ilun haren alde burrukatzen zutenen izenak? Ezin dugu ahaztu gainera lider komunista horiek ezagupen publikoa izan dutela, baita Espainiako Kongresuan ere. Ez al ziren komunismoak errepresaliatutakoak gizakiak?

Argi dago gure historia ez datorrela bat politikarien eskema eta klixe itxi eta sinpleekin. Garai latz hartan gertatu ziren gauzak konplexuagoak dira eta ezin dira manikeismo erraz batekin azaldu. Ahalegin handi bat egin beharra dago gure historia garaikidea ulertzeko. Bere bizikoa da elkarbizitza oinarritzeko. Gizarteak ez luke eginkizun hau alderdi politikoen eskuetan utzi behar.

Harrokeriaren arriskua

Si quieres leer este artículo en español, aprieta aquí.

Berlusconik ongi daki “Sistema” zer den. Horren parte garrantzitsua izaki, ohar hauek ihes egin diote. Ederki daki zertaz ari den. Izan ere, gutxi dira komunikabideetan bera bezain adituak.

“…gure komunikabideetako bezero izatera errazkien limurtzen dena, bere ezaguera abstraktu eta unibertsalekin fidatuta, gure hedabideez gaindi dagoela uste duen pertsona da.

Bide horretan ez du inoiz susmatuko gehien gorrotatzen duenaren parte bihurtzen ari dela.

Finean, bizitzaren alde guztietatik gainera etorri izan zaizkion ohitura, bizimodu eta jarduera guztiak bere eginak izanen ditu.

Pertsona burutsuena biktimarik errazena gerta daiteke.”

Silvio Berlusconi

%d bloggers like this: