Julen Urkiza Txakartegik jaso du aurtengo “Sutondotik” saria.

Joan den larunbatean, irailak 30, Euskal Herriko patroia den Done Mikel Goiaingeruaren biharamunean, jatorrizko euskal kulturaren aldeko ekitaldi garrantzitsu bat ospatu zen Urrotzen. Sutondotik elkarte euskaltzaleak Julen Urkiza Txakartegi jaunari eman zion lehen Sutondotik saria. Fraide karmeldar hori, Elizaren historiaren ikertzailea, itzultzailea, Karmel aldizkariaren eta zenbait liburu-sortaren zuzendaria, eta euskal herriaren ebanjelizazioaren ezagutzaile handia, Markinatik iritsi zen Aita Luis Baraiazarra Txertudi karmeldarrarekin batera.

Sari-ematearen ekitaldia (Aralarko Aingeruaren brontzezko estatuatxoa izan zen saria) Urrozko Latsaga Abesbatzak apaindu zuen hiru abesti ederrez.
Sutondotik elkarteko kidea den Alfredo Ludwigek euskaraz hitz egin zien bertaratuei, izan ere, Julen Urkizak berak umetan irakatsi zion hizkuntza hori, biak Vienan bizi zirenean. Hitzaldian, omenduak biltzen dituen merituak zerrendatu zituen, baita Julen Urkiza saritzearen arrazoia azaldu ere.

Elena Sanz-Orriok egindako ongietorri-hitzekin hasi zen ekitaldi formala. Sutondotik elkarteko lehendakariak proiektu honen helburua azaldu zuen. Euskal kultura tradizionalak bahituta, politizatuta eta manipulatuta bizirauten omen du gaurko egoera soziopolitikoa, bere benetako tradizioaz kanpoko ideologiek eraldatuta, alegia. Hori dela eta, Sutondotik elkarteak Euskal Kultura tradizionalaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du, Nire Aitaren Etxean duen blogetik, eta hemendik aurrera, urteroko sariketa honekin.

Abesbatzak Mikel Laboaren abesti ezagun batekin amaitu zuen emanaldia. Jarraian, Aita Julen Urkiza omenduak oso hitzaldi interesgarria eman zuen. Bertan, bere iker-lanen artean, Elizako eta Europa osoko emakume garrantzitsuen biografiak errepasatu zituen, hala nola, Ana San Bartolomerenarena, Santa Teresa Lisieux-koarena eta Edith Stein-ena. Hitzaldiaren amaieran, Euskal Herriaren kristautasun goiztiarraren errealitatea defendatzeko arrazoibidea aurkeztu zuen. Ez da egia kristautasuna euskaldunen artean Erdi Aroan hedatu zenik, ezta eraso gisa eta are gutxiago atzerriko inposaketa gisa ere. Azken testigantza arkeologikoek erakusten dutenez, V. mendean basilikak eraikita eta Europako hegoaldeko beste lurralde askoren pareko inkulturazio kristaua zabalduta zegoen Euskal Herrian.


Aurkezpen hitzen eta Agur Jaunak kantuaren ondoren, Julen Urkizari saria emateko une hunkigarria iritsi zen. Zalantzarik gabe, merezitako saria da, eta espero dugu oraindanik saridun sorta luzea izatea.
Ekitaldi akademikoa amaituta, Sutondotik elkarteko kide batzuk Urkizarekin batera Lizarraga erretegira joan ziren. Arratsaldean bazkalondoa luzatu egin zen solasaldi atsegin batekin, Meltxorreneko goiko solairuko, Historia duten liburuen egoitzan.

Utzi iruzkina