SAGARDIA FAMILIARI OMENALDIA

Blog honek Iñaki Iriarteren -EHUko irakaslea eta UPNko legebiltzarkidea- ideologiarekin bat ez egin arren, berak Sagardia familiari eskeinitako omenaldiari buruz (Diario de Navarra 2015/09/09) idatzitakoaren berri eman nahi du. Izan ere, Iriartek esaten duen bezala, ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

Omenaldiaren kartela

EHUko irakasleak dioenez, Sagardiatarrak Gaztelun bizi ziren, erabat euskalduna zen baserri-giroan. Familia Pedrok, bere emaztea, Maria Josefak, eta zazpi semeek osatzen zuten. Behartsuak zirenez, lapurreta txiki batzuk egin zituzten edo hori leporatu zieten bizilagunek. Gerra Zibila hasi eta hilabete batera, Pedro eta seme nagusia lanean ari zirela, zenbait bizilagunek Josefa eta beste sei semeak akatu zituzten.

Pedro Sagardiak bere familiari gertatutakoa salatu zuen. Hainbat atxiloketa egin ziren, baina gertatutakoa ez zen argitu eta, ulergaitza izan arren, justiziak kasua amaitutzat jo zuen. Pedroren osabaren bitartekotzak -Sagardia Generala- ez zuen deustarako balio izan. Gaur egun, Oroimen Historikoaren Legearen babesean, desagertuen familiak gorpuen aurkitzea aldarrikatzen du, ehorzketa duin bat emateko. Hau erabat ulergarria eta errespetagarria da.

Sagardiatarren sarraskia hilketa ikaragarria izan zen, baina Iriartek esaten duen bezala, ez zen hilketa politiko bat izan, batzuek “Sagardia familia frankistek hil zutela” esan arren. Salaketan, Pedro Sagardiak berak eta bere emazteak eskuindarrei botua eman zietela aipatzen du (beraien bizilagun gehienak bezalaxe). 1936ko amaieran, reketeekin boluntario moduan borrokatu zuen bere semearekin. Baten batek, frogarik gabe -agian ideologikoki familia karlista izatea onartezina iruditzen zaiolako- errepresioa sahiestearren, behartuta egin ahal izan zutela baieztatu du. Hau ez da sinesgarria: Sagardiatarrak ez zuten errepublikazalerik beraien arbasoen artean eta, beste leku batzuetan ez bezala, errepresioa oso eskasa izan zen Nafarroako iparraldean. Esate baterako, Baztan osoan, ez zen fusilatu bat ere izan, zorionez. Dena dela, semea “Division Azul” delakoarekin boluntario gisa joan zen.

Hau dela eta, Iñaki Iriartek ulertezina deritzo abuztuaren 30an Euskal Memoriak eta Amapola elkarteak bultzatutako omenaldian ikurrinak eta errepublikaren banderak izatea. Hala da. Zer ikustekorik daukate bandera horiek hildakoekin? Bertan entzun ziren hainbat diskurtso ez dira ulergarriagoak. Batek “Euskal Herriko azken sorgina” deitu zuen Pedro Sagardiaren emaztea. “Gutarrak ziren” bota zuen beste batek (zein ¨gutar”? Euskaldunak? Hiltzaileak euskaldunak ziren ere). Halaber, Sagardiatarren kasua Pertur eta Naparraren kasuekin lotu zuen eta Euskal Herrian 12.000 desagertu dagoela aldarrikatu. Guztiz faltsua da hau: Nafarroako errepresaliatuak Eusko Jaurlaritzak egindako hildako eta errepresaliatu zerrendakoekin elkartzetik etor daiteke okerra. Zerrenda honek frontean hildakoak sartzen ditu barruan, beste aldeko ehunka fusilatu kontutan hartu gabe.

Sagardia familiaren historia ezagutu ondoren, ezin dugu egilearen ondorioa ukatu: ez da lehenbiziko aldia Gerra Zibilian bizitako gehigikeriak manipulatzen direla eta historialariak, akademikoak eta senideak isilik mantentzen badira, oroimena nagusitu ordez, amnesia gailenduko da.

IKURRINA, EUSKAL HERRIKO BANDERA?

Ikurrina. Irudia: Wikipedia

Orain gutxi gertatutako udal osaketak eta aurreikus daitekeen Nafarroako Gobernuaren eraketak sinboloen legea eta ikurrinaren auzia mahai gainean jarri dute, berriz ere.

Bistakoa da pertsona askok “bigurutzeduna” beretzat jotzen duela. Egia da ere “Euskal Herria”ren sinbolo bezala erabili ohi dela eta erabiltzen dela. Baina, zer da bandera honek, berez, ordezkatzen duena? Jatorriz, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta baita Arana-Goritarrek amesturiko Bizkaia independientearen (gero “Euskadi” izango zena) bandera bezala ezarri zen ikurrina. Harrezkeroztik, gauza ezberdinen zeinua izan da, atxikitze abertzalearen barruan betiere: euskal kulturarena eta  Euskal Autonomi Erkidegoarena, besteak beste.
Hortaz, sinbolo honek jatorri eta zentzu politikoa dauka eta, jakina, abertzalea. Oso bestelakoa da, ordea, “Euskal Herria” izenaren esanahia. 2004an Euskaltzaindiak plazaratutako txostenean, izen hau “kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko” erabiltzen dela esaten du, “politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia”. “Izen hori euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen herria’. Halaber, “izen hori guztiena da, eta horregatik ezin daiteke alderdikeriaz erabil, zoritxarrez inoiz gertatu eta orain ere gertatzen bada ere”. Are gehiago: “izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide” gaineratzen du.

Honela, “Euskal Herria” ez da erkidego bat eta ezin da zentzu politikoan erabili. Hau dela eta, ezin da esan ikurrinak “Euskal Herria” ordezkatzen duela, bandera hori sinbolo politiko bat delako. Sabino Aranak, hain zuzen ere, zentzu politikoa ez izateagatik baztertu zuen izen hau eta, horren ordez, “Euskadi” neologismoa ezarri zuen. Hala ere, azkeneko hamarkadeetan, abertzaletasunak -ezkertiarrak batik bat- “Euskal Herria” izena bereganatu du bere ideologiarekin, proiektu politikoarekin eta bandera abertzalearekin modu desegokian uztartuz. Euskaltzaindiak izen hau alderdikeriaz erabilitzen dela salatzen du. Gizarte zibilaren ardura da “guztiena den izen hori” alderdi politikoen eskuetan ez uztea.

“AGUR JAUNAK” TXUPINAZOAN

Ohi bezala, Iruñeko udaletxe plazan, 2015 sanferminen txupinazoaren ondoren, txistulariek “Agur jaunak” jo dute . Euskal kanta herrikoi honek esaten duen bezala, “DENAK JAINKOAK IÑAK GIRE”. Dirudienez, Iruña ez da hiri laiko bat eta, azken batean, berdinak egiten gaituena Jainko beraren seme-alabatasuna da. Hau da kanta herrikoi honek festa herrikoi batzuk ospatzeko ematen digun irakaspena…

Agur Jaunak
Jaunak agur,
agur t’erdi
Danak Jainkoak
eiñak gire
zuek eta
bai gu ere.

Agur Jaunak,
agur,
agur t’erdi,
hemen gera,
Agur Jaunak.

EUSKALDUNA ALA FEMINISTA ALA ERREPUBLIKAZALEA

Ainhoa Aznarez Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Aurreko asteazkenean, Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarez iruindarra Parlamentuko presidente aukeratu zuten. PSNko politikari ohiak “euskalduna, feminista eta errepublikazalea” bezala aurkeztu zuen bere burua. Aznarezen esaldi honek hainbat gertakizun historiko eta kontraesan ekarri zizkidan burura.

Esaterako, Bigarren Errepublika Epainolak (1931) nekez onartu zuen emakumezkoen botoa. Hala da, garai hartan, indar errepublikazale eta ezkertiarrek atzerakoitzat jotzen zuten emakumea. Hortaz, ez zuten botoa emateko bezain heldua ikusten. Aurrerakoiek ez zioten emakumeari bere kabuz pentsatzeko ahalmena ezagutzen.

Honela, Clara Campoamor izan zen parlamentuan zeuden lau emakumeen artean emakumezkoen botoa defendatu zuen bakarra. Bere alderdiak (Partido Radical) kontra eman zuen botoa. Indalezio Prietok, PSOEko politikari ospetsuak, berrehun baino legebiltzarkide gehiago bezala, kameratik atera eta botoa emateari uko egin zion. Acción Republicanak, Azañaren alderdiak, botoa kontra eman zuen ere.

Gauzak horrela, emakumezkoaren botoa eskuindarrei esker onartu zen: Alcala Zamoraren alderdiak -Derecha Liberal Republicana-, Maurarenak -Partido Agrario Español- eta gutxiengo euskal-nafarrak (EAJ-PNV eta karlistak) alde egin zuten.

Euskarari dagokionez, oroit dezagun Errepublikak euskararen kontra agertu zela erabat. Adibidez, euskararen ofizialtasuna defendatzen zuen Euskal Estatutua deuseztatu zuen (Lizarrako Estatutua).

Zer pentsatuko du honi guztiari buruz Aznarez andereak?

EUSKALDUNAK ETORRI OTE DIRA?

Joseba Asironen izendapena. Argazkia: Noticias de Guipúzcoa

Iruñan, EH Bilduko Joseba Asironen alkate izendapenean, gauza aunitz ikusi ahal izan genuen. Askoren artean, Espainiako Errepublikaren hainbat banderek “aldaketaren alkatea” deiturikoaren inbestidura ospatzen zuten.

Hainbeste urtean zehar “euskaldunak datozela!” delako leloa izan dutenei, ondokoa esan nahi genieke: zein euskaldun etorri da? Izan ere, Asironi harrera pozaren pozez ematen zioten hiru koloredun banderak Euskal Estatutua (1931) deuseztatu zuen Errepublikarenak dira. Euskaldun gehienek Estatutuaren alde eman zuten botoa. Euskaldunen artean, nafarren %80ak ere eta, nafarren artean, gainera, “euskaldunak datozela!” leloa klasikoa egin dutenen askoren gurasoek eta aiton-amonek ere.

Aniztasun lur honen beste paradoxa bat…

PRESIDENTE ALA LEHENDAKARI?

Argazkia: GeroaBai

Lendakari hitza -geroago “lehendakari” bezala egokituko zena- abertzaletasunak gerra aurretik sorturiko neologismoa da. Eusko Jaurlaritzaren burua izendatzeko asmatu zen, “presidente” hitza bestelako gobernu eta erakundeetarako geratzen zelarik.

Aranaren ondorengoek beraien euskara (ala “euzkara”?) euskaldun guztien presidentea izendatzeko inposatu zuten. Beste gauza askotan bezala (bandera, sinboloak, izenak, etab.), abertzaletasuna eta euskalduntasuna baliokidetzat jo zituzten.

Harrigarria da, baina nafar hauteskunde kanpainan abertzaletasunak ez du “lehendakari” hitza erabili. Kasualitatea ote?

Nafarroako Erresuma 1512

Nafarroako Erresuma Euskal Herriak historian izan duen estatu independente bakarra izan zen. Aurten urtemuga garrantzitsu bat ospatzen da. Izan ere, orain dela 500 urte, 1512an, alegia, Nafarroa Garaiak bere errege propioa izateari utzi eta Espainiako erregearen men geratu zen. Horrek, ordea, ez du esan nahi aldi berean erresuma izateari utzi zionik. Erresuma izaten jarraitu zuen 300 urte luzez eta bere legeria propioari eusti ahal izan zion, 19. mendeko guda karlistetan subiranotasuna behin betiko galdu zuen arte.

Urteurren honen ospakizunek hautsa harrotu dute leku askotan. Ba al dugu zer ospaturik? Zeinen alde ospatu behar dugu? Zein estatu izan zen errudun? Ona ala txarra izan zen Nafarroa Gaztelako koroari lotzea? Nahiaz ala bortxaz egin zuen?…

Artikulutxo hau, garai hartako gertaerak eta ondorioak analizatzen ditu.

Gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen.
Si quieres leer más, haz clic aquí.

Si vous voulez lire ce texte en français, cliquez ici.