Milaka ikasle “Gartxot” filma ikustera eramaten ari dira

Si quieres leer este texto en español, haz clic aquí.

Si vous voulez lire ce texte en français, cliquez ici.

Erlijioa Nafarroan blogatik hartutako artikulu hauek irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.

Cartel de 'Gartxot'

2011an Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordik plazaratutako “Gartxot, konkista aitzineko konkista” filma ederki zabaldu da Euskal Herria osoan. Izan ere, kultur erakundeen babesa eta Euskal Herriko kantari, musikari eta idazle askoren laguntza izan du. Orain gutxi, euskal ikasleak film hau ikustera eramateko gonbitea luzatu diete egileek Euskal Herriko ikastetxeei. Hortaz gain, DVD bertsioari esker, ikastetxeetan ikusi ahal izango da filma zinemara joan beharrik gabe.

Baina zer kontatzen du “Gartxot”ek? Irakurleek jakingo dutenez, filma Arturo Campion idazle iruindarrak 1917an gazteleraz argitaratutako “El bardo de Izalzu” eleberrian oinarritzen da. Poligrafo nafarrak Zaraitzuko kondaira bat hartu zuen abiapuntutzat liburu hau idazteko. Campionen liburuak historikotasun urria dauka, baina Gartxot filmaren egileek oraindik urrunago eraman dute beraien sormena. Film honek ez baitu Campionen eleberria bera errespetatzen. Urmenetak eta Elordik fikzioaren inguruko fikzioa egin dute.

Ekoizpen honek Gartxot koblariaren istorio tristea kontatzen digu. XII. mendeko Nafarroara eramaten gaitu. Gartxot bere seme Mikelotekin bizi da Orreagan eta bertakoentzako heroi bat da, herriaren ekintza gogoangarriak kantatzen dituelako. Baina abade berria iristen da Orreagara eta Gartxoten semea, Mikelot, Elizarentzako latinez kanta dezan nahi du. Bere helburua lortzeko aita deserriratuko du. Hortik aurrera, “Altabizkarko kantua” ez da gehiago entzungo Orreagan.

Azken finean, argi eta garbi geratzen da zein den Juan Jose Elordi eta Asisko Urmenetaren tesia: Elizak eta, ondorioz, kristau-fedeak, euskal hizkuntza eta kulturaren galera bultzatu egin zuen indarkeriaz latina inposatuz. Gure herria arroztu eta erdaldundu omen zuen Elizak. Hori da hain zuzen ere “Konkista aitzineko konkista”. Egileen aburuz, konkista ez baitzen 1512an hasi, XII. mendeko ustezko kolonizazio kultural honekin baizik. Eliza Euskal Herriaren etsaia da. Eliza eta Erdi Aroaren kondaira beltzari eskeinitako filmeen bertsio euskalduna dugu Gartxot.

Baina zenbait galdera egin behar ditugu honen guztiaren inguruan:

Latina inposatu balitz, nola da posible Orreagan eta bere inguruan duela gutxi arte euskaraz mintzatu izana? Adibide bat jartzearren, XX. mende hasieran Erroibar erabat euskalduna zela badakigu.

Euskal Herriaren kristautzea latinez egin balitz, nola errotuko zen hainbesteraino Kristautasuna gure herrian? Noiz hitz egin da latinez gure herri eta baserrietan? Nork bultzatu du euskararen erabilera Elizak baino gehiago?

Eskubiderik al dago ikasleak horrela manipulatzeko? Ez al dute egia ezagutzeko eskubiderik? Nola inposatu daiteke esparru akademikoan anakronismoz eta faltsukeriaz beteriko material hau? Bidezkoa da holako kalumniak airatzea? Zergatik piztu nahi da Elizarekiko gorrotoa gazteengan? Zer asmo dago hainbesterako babesa jaso duen ekimen honen atzetik?

Utzi iruzkina