MARZELINO OLAETXEA, PRESO POLITIKOEN DEFENDATZAILEA

Juan XXIII y Marcelino Olaechea

Juan XXIII eta Marzelino Olaetxea. Argazkia: http://marcelino-olaechea.blogcindario.com

Orain gutxi Nafarroako Parlamentuak frankismoarekin zerikusia daukaten pertsonen ezagupen publikoa bertan behera uzteko egin zuen adierazpenak (Frankistez ari garela) On Marzelino Olaetxea Loizaga (Barakaldo 1888 – Valentzia 1972), 1936an Iruñako gotzaia zenari, eragiten dio. Olaetxea gotzaia Nafarroako seme kuttun da oraindik.

Horregatik, santu egiteko prozesuan dagoen gotzai bizkaitarraren bizitzaren hainbat alderdi ezezagun plazaratu nahi ditugu. Ezjakintasunak eta kalumniak Olaetxearen bizitzaren edertasuna izkutatu nahi izan arren, guk ez diogu besteen alde egin zituen ekintzen aldarrikapenari utziko.

“Nazionalen” errepresio politiko gogorraren kontra egin zuenaz ari gara, besteak beste. Edota preso politikoen defentsan egindakoaz. Ezkaba mendian preso egon zirenen ehunka eskutitzek eta gotzaiak berak milaka bizitza salbatzeko Francori bidali zizkionak demotratzen dutena.

Gai hau guztia jorratzeko Vicente Cárcel Ortí, Caídos, víctimas y mártires, Espasa Calpe, Madrid, 2008, liburuan oinarrituko gara (Vatikano Artxibategi Sekretuan dagoen dokumentazioa erabiltzen du).

Marzelino Olaetxea Loizaga Barakaldon jaio zen, 1889ko urtarrilaren 9an. 16 zituelarik, San Juan Boskoren kongregazioan sartu zen, salesianoetan, alegia. Carabanchel Alton, Madrilen, filosofia ikasi eta Torinon, Italian, Teologia. 1912an apeztu zuten eta bere nagusiek ikastetxe garrantzitsuen zuzendaritzan jarri zuten lanean. Soziologia ikasketak Liejan (Belgika) sakondu zituen eta, geroago, Katalunia, Valentzia eta Madrilgo probintziala izendatu zuten. Aita Santuak 1934an Valentzia, Granada eta Sevillako eliz-probintzien apeztegietako bisitatzaile egin zuen. Urte bat beranduago, 1935eko abuztuaren 23an, Iruñako gotzaia zen.

1936ko abuztuaren 6an, Gasteizko gotzaia zen On Mateo Mujika Urreztarazurekin batera, pastoral idatzi bat plazaratu zuen, iraultzaren antiklerikalismoa eta erlijio-jazarpenaren izugarrikeriak salatuz. Urte bereko azaroaren 15ean, Iruñako San Agustin elizan, “nazionalen” errepresio politiko ikaragarriaren kontra prediku bat bota zuen On Marzelinok. Honela mintzatu zen:

Justizia Epaitegiek soseguz, luzaro pentsatuz, arduratsuki eztabaidatua, garbia, zalantzagabea, inoiz ahaldura iturri izango ez dena, dekretaturiko baino odol gehiagorik ez. Eta… ez beste odolik. Iruñako elizbarruti loriatsuko katolikoak! Zuek bereziki […] Katoliko Ekintzako kideak, denetan maitasuna praktikatu, indar guztiz, Jesukristok Gurutzean esandako hitzak hots egin, kristauak ezaugarritzen dituzten hitz horiek: «Barka iezaiezu, Aita, ez baitakite zer egiten duten” (Iruñako Gotzaitegiko Eliz-aldizkari Orokorra, 1839. zbk., 1936ko abenduak 1, 429-431 orr.).

Francok garaitu eta gero, gerrak banatutako nafar herriaren adiskidetzean jarri zuen arreta Olaetxeak. Eta elizbarrutiko hiriburuaren lasaitasuna astindu zuten bi gertakari sortari eman behar izan zien aurpegia: alde batetik, Nafarroako umezurtxoei gutuna (gerraren lehen hilabetetan fusilatutako nafarren seme-alabak), elizbarruti osoan berehalako erantzuna izan zuena; eta bestetik, heriotz zigorrera kondenatuak salbatzeko gotzaiaren bitartekaritza bilatzen zuten Ezkabako presoen senideen gotzaitegirako joan-etorrien hasiera.

Umezurtzekin lotuta, ez zen eskola, katekesi ezta parrokiarik ere, gotzaiaren deia gogo handiz eta eskuzabaltasunez erantzungo ez zuena. Gotzaiak pertsonalki harrera eman zien bere gonbitea onartu zuten guztiei eta azkenean Espainia mailan ohiartzuna izan zuen. Heriotz zigorrera kondenatuak Espainia osotik biltzen zituen zoritxarreko ospea daukan San Kristobal mendiko gotorlekuak. Milaka pertsona ziren. Beraien senideak gotzaitegiko ateetara deitzen hasi ziren eta horiek zabal-zabalik ireki ziren. Harrera onaren berria Espainia osotik zabaldu zen eta egunez-egun bisitarien kopurua handituz joan zen. Banan bana, denak hartu zituen Olaetxea gotzaiak. Bere idazkaria zen Kornelio Urtasun Irisarri, apez berria, lanez lehertu zuen. Areagotuz zijoan lan hau hainbat urtez iraun zuen.

Hasieran esan dugun bezala, Olaetxea gotzaiak milaka preso politikoen aldeko lan isila egin zuen Iruñako urteetan. Honela, heriotz zigor askoren konmutazioa eta milaka presoen askatasuna lortu zuen. Hain izan zen isila lan hau, gaur egun ez baitela ezaguna. Hau dela eta, hurrengo emanaldian, Nafarroako atxilotu politikoen aldeko bere lana demostratzen duten zenbait agiri publikatuko ditugu. Olaetxearen artxibategi pertsonalekoak hain zuzen.

Jarraituko du…

Utzi iruzkina